Abiadura handiko trena

AHTa "berehala" gelditzeko eskatu dute AHT Gelditu, Ekologistak Martxan eta Sustrai Erakuntza taldeek

Azpiegituraren aurkako manifestua sinatu dute taldeek, eta atxikimenduak eskatu dituzte. Giza katea egingo dute apirilaren 11n, Iruñean.

AHTa gelditzeko protestara deitu dute, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Lohizune Amatria.
2015eko martxoaren 16a
10:19
Entzun

Mozorroturik eman dute prentsaurrekoa Nafarroako AHT Gelditu, Ekologistak Martxan eta Sustrai Erakuntza taldeetako kideek: txu-txu treneko pertsonaien rola hartu dute. “AHTak ez dauka heldulekurik. Argi eta garbi egiaztaturik dago zentzugabeko xahuketa ekonomiko bat dela, inongo loturarik gabeko 65 kilometroko txu-txu trena dela”, esan du Pablo Lorente Sustraiko kideak. Gobernuak ingurumenari egiten dizkion erasoak salatu dituzte, eta baita eskera bat egin ere: “Heldu den foru gobernua izanen duten indarrei AHTa berehala geldi dezatela eskatuko diegu”. Apirilaren 11rako giza katera deitu dute. Iruñeko Sarasate pasealekutik abiatuko dira, 12:30ean.

Abiadura handiko trenaren Nafarroako obrak gelditzeko eskatzeko, bederatzi arrazoi biltzen dituen manifestu bat sinatu dute hiru taldeek. “Agerian utzi nahi dugu AHTak gaur egun daukan izaera zalantzagarria, eta, gainera, nafar gehienen behar sozialetatik hain urruti dagoen proiektu eztabaidagarri hau geldi dadila eskatzeko balio digu”, azaldu du Lorentek. Manifestua sindikatuek, kirol taldeek eta kultur elkarteek ere partekatuko dutela uste dute, eta atxikimenduak eskatu dituzte. “AHTa zentzugabea dela salatzeaz gain, gobernuaren azpiegitura erraldoien politika ere gaitzetsi nahi dugu manifestuaren bidez”.

Legez kanpoko obrak
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak obren ingurumen eraginaren adierazpenen inguruko sententzia ekarri dute gogora taldeek. “Nafarroan legaltasun babesik gabe egiten ari dira AHTko lanak”, salatu dute. Ebatzi zutenez, Castejon-Iruñea arteko obrei eta Iruñeko tren geltoki berria egiteko lanei buruzko adierazpenak jada ez dira indarrean. “Los Arcosko zirkuituaren eta Nafarroa Arenaren ondotik, Castejon-Arrizabalaga txu-txu trena zentzugabekeriari eskainitako hurrengo oroitarria izango da. UPNren, PPren eta PSNren erregimenaren beste bat, baina, oraingoan, Geroa Bairen babesarekin”. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.