SNCFko CGTren iritziz, tren konpainiak abenduaren 11n hasi eta 2016ra bitartean egin nahi dituen obrek eta tren murrizketek helburu ezkutu bat dute: trenbideen «saturazio artifiziala» eragitea eta AHTaren beharra agerian uztea. Izan ere, hamarkada luzeotan SNCF eta RFFk ez dute mantentze lanik egin. Orain atzeraturik dauden lan guztiak eginen dituzte batera, Frantzia osoan. AHT bide berrien eraikuntza ere xedeari lotua dago. CGTren iritziz, tren egitasmoa ez da oinarritzen erabiltzaileen behar eta nahietan, merkatuaren interesetan baizik. Hori salatzeko, greba egin zuten atzo.
Abenduaren 11tik aitzina, trenbideak itxiko dituzte lanak egiteko. Hori egin ahal izateko, gauez ibiltzen diren trenak kendu beharko dituzte, horien artean Uso Urdina (Palombe Bleu), gau oroz Hendaia (Lapurdi) eta Paris lotzen dituena. SNCFk jakinarazi du asteburuetan eta eskola oporraldietan ibiliko dela tren hori.Erabiltzaileentzat eragozpen handiak egonen direla diote CGTko kideek. Izan ere, Uso Urdinak ez du bide zuzena hartuko Parisera: Bordeletik pasatu beharrean, Tarbes, Tolosa eta Limogesetik joango litzateke Pariseraino. Hori egiteko, orain baino hiru ordu gehiago beharko ditu: goizago abiatuko da Parisera, eta beranduago heldu. Erabiltzaile anitz berandu helduko dira, horietako asko langileak.
SNCFk erabat aldatuko ditu tren ordutegiak. CGTren iritziz, bederen ordutegien %40 aldatuko dira. Aldaketa horrek ondorioak ditu, trenak ez direlako tenorez helduko loturetara. Gisa horretan, eskaintzak ez dira egokituko erabiltzaileen beharretara, eta haiek trena utzi eta bertze garraio mota batzuk hobetsiko dituzte. Diotenez, gaur egun Hendaia-Bordele lotura egiten duen trenak ez du bermatuko Hendaia eta Baiona arteko loturarik. Baionatik abiatuko da trena edo ordezko autobusa. Hendaia, Donibane Lohizune eta Miarritzeko erabiltzaileek, Lapurdin, autoz edo autobusez joan beharko dute Baionaraino. Bezero horiek hurbileko trenen txartela dute, asterako, hilabeterako edo urterako. Alta, ordutegiak aldatu eta bertze trenik ez badute ere, ezin dituzte erabili AHTak.
Alternatibak
Hurbileko azpiegiturak hobeto erabiltzea proposatu du CGTk. Batetik, Baiona inguruan dagoen sufrearen trena deitua baliatzeko eskatzen du. Baionako lantegi guneetatik, erietxetik, saltegi handietatik eta ikasteetatik pasa daiteke, Angeluko hondartzetaraino. Baiona-Garazi trenbidea arraberritzea nahi dute, Lapurdi eta barnearen lotura bermatzeko.
AHTa egiteko RFFk trenen «saturazio artifiziala» eragin nahi duela salatu du CGTk
Hamarkada luzeetan egin gabeko mantentze lanak eta xede berrien eraikuntza 2016 artean metatuko dituela diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu