Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari hiru tarta bota zizkioten atzo Tolosan (Okzitanian). Mugitu! taldeak hartu du ekintza bere gain. AHTaren aurkako desobedientzia mugimenduak, Okzitaniako Libertat mugimenduaren sostenguarekin, AHTaren moduko azpiegitura handien eraikuntza salatu nahi izan du horrela.
Egun hauetan, Pirinioetako komunikazioei buruzko konferentziak egiten ari dira Tolosan. Han bildu da Pirinioetako Lan Komunitatea, Pirinioetako bi aldeetako eskualdeak batzen dituen erakundea. Besteak beste, erakundeko partaide dira Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa. Aurtengo konferentziaren gai nagusia abiadura handiko trenaren Pirinioetako lerroen arteko loturak dira; eta, horrez gain, Yolanda Barcinak erakundearen presidentetza hartu du bi urterako.
Hain zuzen, Nafarroako presidenteari hiru tarta bota zizkioten. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, ekintzaileek konferentzia irekitzeko zeremonia eten zuten, eta AHTaren aurkako leloak oihukatu.
Nafarroako Parlamentuak berehala gaitzetsi zuen Barcinaren aurkako ekintza; ohiko bilkuran adierazpen instituzionala onartu zuen, ia alderdi denen aldeko botoekin —Bildu abstenitu egin zen—.
AHTa: «Ez han, ez hemen»
Mugitu! mugimenduak jakinarazi duenez, AHTak Euskal Herri guztian eragiten dituen «inpaktu ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak» salatu nahi izan zituen atzo Pirinioetako Lan Komunitateak egin duen konferentzian. Mugitu! taldeari salagarria iruditzen zaio egoera: «Xahutzen diren baliabide publiko izugarriekin eraikuntza enpresek eta klase politiko ustel batek irabazi itzelak dituzte. Aldi berean, hezkuntzan, osasungintzan, pentsioetan eta laguntza sozialetan murrizketa beldurgarriak pairatzen ditugu».
AHTaren aurkako taldeak uste du konferentzian bildutako politikariek «merkantzien joan-etorria oztopatzen duen harresi baten moduan ikusten dituztela Pirinioak». EAEk eta Nafarroako Foru Erkidegoak Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea «inposatu» nahi dituzte: «Abiadura handiko lineak herritarrei inposatzen zaizkie; bai Euskal Herrian, bai Val di Susan [Italia], bai Europako beste tokietan».
Mugitu! taldeak elkartasuna adierazi dio Okzitanian AHTaren aurka «gora doan» oposizioari. Eta denen artean AHTa eta azpiegitura handiak gelditzeko garaia dela esan du: «Krisialdia areagotzen ari den garai zail honetan pastela txikiarazi behar dugu. Errezeta aldatu beharra dago».
AHTaren aurkako ekintzaileek hiru tarta bota dizkiote Barcinari
Mugitu! taldeak bere gain hartu du ekintza; tren lasterraren eraikuntza salatu nahi izan du mugimenduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu