Frantziako Poliziak abiadura handiko trenaren (AHT) aurkako protesta galarazi zuen atzo Baionako portuaren sarreran, Angelun. 60 manifestari inguru elkarretaratu ziren, Alain Rousset Akitaniako presidenteak portura egindako bisitan protesta egitera. Lehen unean manifestariek ez zuten lortu AHTaren gaitzespena adieraztea Rousseti, baina ondoren bai. Izan ere, Roussetek egokitzen ari den Atlantikoko Burdinolak enpresa bisitatu zuen, eta manifestariak hara joan ziren.
Ez, ez, ez, AHTrik ez oihuekin hartu zuten Rousset. Han bildutakoen izenean hartu zuen hitza Victor Pachon Cadeko presidenteak. Ironiaz beterik, eskerrak eman zizkion Rousseti, haien protesta eragozteko polizia baliatzeagatik. «Mila esker, CRSak bidaltzeagatik gu portutik indarrez ateratzeko», erran zion Pachonek. AHT xedea sostengatzeko orduan eskuinak, sozialistek eta Vinci enpresek bat egin dutela gogoratu eta «ezkontza horregatik» zoriontzen zuela erran zion Pachonek. Ironia beraz erantzun zion Roussetek. «Nik ere zoriontzen zaituztet, autobidearen aurka borrokatzeagatik eta Michele Alliot Marierekin (Frantziako Barne eta Justizia ministro ohia) egin duzuen akordioarengatik».
Poliziak, portuan
AHTaren aurkako manifestariek ez zuten hitzordurik hartu Roussetekin elkartzeko Baionako portuan. Hark AHT xedea inposatu nahi duen bezala, «deusetarako balio ez duen xedea» gaitzesten duten mlitanteek haien haserrea helarazteko eskubidea daukatela erran zuen Pachonek. Poliziek banan-banan hartu zituzten manifestariak, eta portuko sarreratik kanporatu, eskuetan zeramatzaten banderolak kenduz. Pachonek AHTaren aurkako hitzaldia egin zuen, bozgorailu bat baliatuz, eta Frantziako poliziak mintzaldia eten eta indarrez atera zuten kanpora.
AHTaren aurkako elkarretaratzea sakabanatu du Frantziako Poliziak
Akitaniako presidentea AHTaren aurkako protestekin hartu zuten atzo 60 manifestarik Baionako portuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu