Ehundik gora kidek egin dute bat jada. Nafarroako hamaika herritako, alderditako eta koaliziotako zenbait hautetsik sarea sortu dute trenaren alde eta AHTaren aurka. Iruñean agertu dira lehendabiziko aldiz hedabideen aurrean, eta, haien bitartez, datorren abenduaren 3an eginen duten elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Nafarroako Parlamentuaren aurrean izanen da, Iruñean, 12:30ean.
«Proiektu politiko bat da». Horixe nabarmendu du sareko kide eta Tafallako Bilduko hautetsi Pedro Leraltak. Proiektu politiko txarra, gainera, haren eta sareko gainerako partaideen aburuz. Horregatik erabaki dute orain arte herritar gisa AHTaren aurka egiten zuten lana erakunde publikoetara bideratzea. Erakunde horiek ere, nolabait, abiadura handiko trenaren aurkako mezuaren bozgorailu izatea nahi dute.
«Ingurumenari kalte egiten dio, energia anitz gastatzen du, eta, ekonomiaren ikuspuntutik ere, ez da bideragarria. Kilometro bakarra egiteko hemezortzi milioi euro behar dira», salatu du Leraltak. Nafarroan proiektu osoak 4.000 milioi euroko aurrekontua duela gogoratu du.
Castejongo hautetsi independente Pablo Lorentek, berriz, Nafarroako Gobernuko presidente ohi Miguel Sanzek proiektu hori aurkezteko erran zituen hitzak ekarri ditu gogora, eta Sanzek AHTa herritarren eskaritzat jo zuela nabarmendu du. Adierazpen horren kontra, hain zuzen ere, datuak jarri ditu Lorentek mahai gainean: «Nafarroako herritarren artean azpiegiturekiko eta herrilanekiko interesa erakusten dutenen kopurua % 1era ere ez da ailegatzen. Herritarrek ez dute AHTa eskatzen».
Datu gehiago ere nabarmendu du Leraltak. Trenaren erabilerari dagozkionak, hain zuzen ere. «Salgaiak eta bidaiariak garraiatzeko izanen omen da AHTa; Nafarroan, gaur egun, herrialdean garraiatzen diren salgaien %1 baino gutxiago garraiatzen dute trenez».
Beharrik, beraz, ez dute ikusten hautetsien sareko kideek AHTaren aldeko apustuaren atzean. «Eliteen interesarekin lotuta baino ezin da ulertu azpiegitura hori». Garraiolariek eta Renfeko buruek ere AHTaren beharra zalantzan jarri dutela gaineratu du Leraltak.
Proiektua baztertzeko eskaria
Hori guztia kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak bere asmoetan atzera egin beharko lukeela uste dute hautetsiek. Horixe eskatu diote sarearen aurkezpena egiteko antolatu duten agerraldian, eta horixe eskatuko diote, berriz ere, abenduaren 3an Nafarroako Parlamentuaren aurrean eginen duten elkarretaratzean.
Eskatu diote bertzerik ere. «Tren sozialaren alde egin dezala», erran du Lorentek. Apustu hori zentzuz egiteko galdegin diote hautetsiek Nafarroako Gobernuari, gainera, eta, horretarako, lehen urratsa garraioari buruzko behatokia osatzea izanen litzatekeela azpimarratu dute.
Nafarroako egungo burdinbidearen egoera aztertzea izanen litzateke behatoki horren zereginetako bat, egungo azpiegiturak hobetze aldera. Egun dauden azpiegiturei etekin gehiago ateratzea da asmoa, hautetsien hitzetan, beti ere azpiegitura horiek ingurumenean, gizartean eta ekonomian dituzten eraginak kontuan hartuta.
Gaur egungo ereduak halako irizpideei ez diela so egiten salatu dute hautetsiek, eta lan egiteko moduak erabat aldatu behar direla azpimarratu dute, trenbidea herritarren zerbitzura egon dadin. Hori lortzea izanen da hautetsien sareko kideen helburua.
AHTaren aurkako sarea sortu dute Nafarroako hainbat hautetsik
Abenduaren 3an elkarretaratzea eginen dute Iruñean; eskarien artean dute garraioaren behatokia osatzea ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu