AZPIEGITURAK

AHTaren auzian "gezurra" esatea egotzi dio Aierdik Espainiako Gobernuari

Itun Ekonomikoa negoziatzen zuten bitartean, "behin-behineko akordio bat" proposatu zion lehendakariordeak Sustapen ministroari, nafar korridoreko lanak lizitatzen hasteko. Madrilek ez du Nafarroako Gobernuaren proposamena onartu.

Manu Aierdi, Garapen Ekonomikoko lehendakariordea. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2017ko irailaren 19a
07:56
Entzun

"Oso haserre gaude. Etsituta. Sustapen Ministerioaren jokabidea ez da txukuna izan, ezta zintzoa ere". Nafarroako Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdik "desadostasun erabatekoa" adierazi du, Espainiako Sustapen ministro Iñigo de la Sernak AHTaren nafar korridorearen inguruan erakutsitako jarrerarekin.

Atzo, Nafarroako Gobernuak Madrili helarazitako akordio proposamenari uko egin zion De la Sernak, "AHTaren lanak urtebetez gelditzea aurreikusten duelako". Hori gezurra dela erantzun dio gaur Aierdik: "Sustapen Ministerioak esandakoa faltsua da erabat. Bi aldeak batzartu egin ginen, batak bestearen argudioak entzun zituen, eta mahai gainean jarritako guztia baloratzeko denbora eman genion elkarri, negoziatzen segituko genuelakoan. Bilera bukatu eta bi ordura, Espainiako Gobernuak ohar bat kaleratu zuen, gure proposamena onargaitza zela esanez".

Lehendakariordeak azaldu duenez, egunotan Madril eta Iruñea negoziatzen ari diren Itun Ekonomikoa faktore garrantzitsua izan da negoziazio prozesuan. AHTaren lanen kostua Nafarroako Gobernuak urtero Espainiari egiten dion ekarpen ekonomikotik deskontatzea, hori da Aierdik proposatu zuena: "Hori sinatu aurretik, ordea, zehaztu beharko dugu zein den Nafarroak egiten duen ekarpena. Gaur egun, gehiegi ordaintzen ari gara: 600 milioi eurotik gora, eta guk uste dugu 450 inguru izan beharko liratekeela. Hori lotuta uzten ez badugu, eta egoera luzatzen bada, azkenean trena guk ordainduko genuke. Kudeaketa kaskarra izanen litzateke hori".

Horregatik, Itun Ekonomikoa sinatu bitartean, behin-behineko alternatiba bat proposatu zion Aierdik Espainiako Gobernuari: indarrean den 2010eko ituna moldatzea, hiru puntu gehigarri erantsita: bat, nafar korridorearen 2. eta 3. zatien eraikuntza proiektuak "lehenbailehen" igortzea; bi, Castejon-Campanas zatiko lanak lizitatu, esleitu, kontratatu eta ordaintzeko eskuduntza Adif enpresa publikoaren esku uztea; eta hiru, Espainiak Zaragoza eta Euskal Y-aren arteko nafar korridorearen garapena bermatzeko zenbait konpromiso hartzea.

Aierdiren esanetan, proposamen "gardena" da, eta alde guztiak "pozik" uzteko modukoa. "Horregatik, ez dakit zeri dion beldurra Sustapen Ministerioak. Zein izan den gustatu ez zaion puntua".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.