AHTaren behin betiko ibilbidea onartu du prefetak Gidaritza Batzordean

Lapurdiko hautetsiekin hiru minutuz bildu da, eta, ondoren, ez die utzi prefeturan egin duen prentsaurrekora sartzen

Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsi, AHTaren aurkako protesta batean, artxiboko irudi batean. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Patrick Stefanini Akitaniako prefetak Lapurdiko AHTaren behin-betiko ibilbidea onartu zuen atzo, xedearen Gidaritza Batzordeak Bordelen (Frantzia) egindako bilkuran. Bilera aitzin bulegoan hartu zituen Paul Baudry, Roland Hirigoien eta Mixel Hiriart Errobi, Errobi-Aturri eta Lapurdi Hegoaldeko herri elkarteetako presidenteak. Lapurdiko AHTaren aurkako xedearen arrazoiak aurkeztu nahi zizkioten, Citec etxeak egindako inkestaren emaitzen argira. Baina prefetak ez zituen aintzat hartu Euskal Herriko hautetsien oharrak, eta, hiru minutu pasatu ondoren, teknikariekin biltzeko proposamena egin zien. Oren batez solastatu ziren.Ororen buru, Bordele-Biriatu eta Bordele-Tolosa ibilbideak onartu ditu prefetak.

Gidaritza Batzordeko bilkuran sartzera gomitatu zituen auzapezak; hautetsiek ez zuten parte hartu. Bilkuran RFFk egindako proposamenak aztertu zituzten, eta prefetak hiru erabaki hartu zituen. Lehenik eta behin, Biriatuko loturari dagokiona. Izan ere, Gipuzkoako eta Lapurdiko AHT xedeek ez dute garaiera bera. Garaiera txikien duen hipotesia (H473) hobetsi du prefetak,hamabost metroan apalduz orain arteko proposamena. Horrela 30 milioi euro aurreztuko dituztela nabarmendu zuen. «Metro bakoitzeko bi milioi euro aurreztuko ditugu», azaldu zuen.

Bigarren puntua Donibane Lohizuneko ibilbidearen kokapenari dagokio, eta, puntu horretan, hegoaldeko proposamena hobestea deliberatu zuen prefetak. Alta, ingurumen legeek babesturiko zomorroak egon daitezke bertan, Senpereko urtegiaren kasuan gertatu bezala. Kasu horretan, aterabide bat atzeman beharko litzatekeela erran du prefetak, iparraldeko ibilbidea hobetsiko lukeelako orduan.

Hirugarren puntua Uztaritze-Arrangoitze arteko atalari dagokio. Bertan 63 milioi aurreztuko liratekeela azpimarratu du Prefetak. Izan ere, Uztaritzeko Planuia izeneko gunearen mendebaldetik pasaraztea hobetsi du prefetak, Santa Barbara hegoaldetik, lotura eginez Arrangoitzerekin.

Egutegiaren eskutik

Prefetak behin betiko ibilbidea onartu eta gero eginen dituen urratsak zehaztu ditu. Hilabete bukaeran Ingurumen eta Garraio ministroari helaraziko dio erabakia. «Azken hitza hartzea ministroari dagokio, erabaki politikoa delako», azpimarratu du Stefaninik.

AHT xedea aitzina doa bitartean. Behin betiko ibilbidea onarturik, ikerketa gehigarriak egitea agindu du prefetak, hala ere. Hogei milioi euroko aurrekontua ukanen dute ikerketek, eta estatuak eta lurralde erakundeek ordainduko dituztela azaldu du. 2013an inkesta publikoa abiatuko da, eta ondoko urtean, 2014an, Onura Publikoa ebazteko inkesta eginen dute.

Hautetsiak haserre

Ipar Euskal Herriko 90 hautetsi inguru joan ziren Bordeleko bilkurara, autobusez. Herri elkargoetako hiru presidenteak bildu ziren prefetarekin, eta hamar bat hautetsi, ondoren teknikariekin egindako bilkuran. Prefetaren prentsaurrekoak piztu zuen hautetsien haserrea. Xehetasun guztiak eskuratzeko asmoz, agerraldira joateko gogoa adierazi zuten hautetsiek, baina, prefetaren aginduz, Poliziak debekatu egin zien bertara sartzea.

Haserre gorria adierazi zuten hautetsiek, eta guztien gainetik sutu zen Jean Louis Laduxe Azkaineko auzapeza. Euskal Herriko hautetsiekin batera zeuden kanpoan, protestan, Frantziako Lot et Garonne Departamendutik joandako hautetsi eta herritarrak. Bilkura luzea egin zuten kanpoan, eta, ikusirik erabaki politikoa dagoela ororen buru, Nathalie Kosciusko-Morizet Garraio eta Ingurumen ministroari presio zuzena egitea deliberatu dute, azaldu gabe nola.

Bitartean, lege zirrikitu guztiak aztertuko eta baliatuko dituztela adierazi zuten herri elkargoetako presidenteek. Citec etxeak egindako inkesta ekarri dute gogora. Inkestak bi elementu nabarmendu zituen: batetik, gaurko trenbideak baliatuz ez dagoela tren saturazioa izateko arriskurik bederen 2050ra arte; eta, bertze aldetik, biziki denbora gutxi irabaziko litzatekeela trenbide berria eginez Lapurdiko atalean. Paris eta Madril artean 14 minutu baino ez liratekeela irabaziko nabarmendu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.