«AHTaren munstroa» gelditzeko, bizikleta martxan eta kanpaldian parte hartzeko zutabeak sortzeko deia egin du AHT Gelditu Nafarroa plataformak. Asteazkenean, uztailaren 28ean, 10:00etan, AHTaren aurkako bizikleta martxa abiatuko da Iruñeko Diputaziotik. Ostegunean, uztailaren 29an, 09:30ean, Etxarri Aranaztik (Nafarroa) aterako da, eta, hilaren 30ean, 09:30ean, Eturatik (Araba). Martxa Atxondon (Bizkaia) amaituko da, eta, han, AHTaren aurkako kanpaldia hasiko da, uztailaren 30etik abuztuaren 1era.
Iruñeko Diputazioaren aurrean bilduko dira parte hartzaileak, eta han prestatuko dute materiala. Martxaren hasiera ekitaldian Iruñeko Txantrea, Antsoain eta Arrotxapea auzoak zeharkatuko dituzte. Gero,12:00etan Ororbian (Nafarroa) eta 14:00etan Irurtzunen (Nafarroa), geldialdia egingo dute. Ostegunean, hilaren 29an, 11:30ean Ziordian (Nafarroa) eta 16:00etan Durruman (Araba) gelditu egingo dira. Ostiralean, 30ean, 11:30ean Leitz-Gatzagan (Gipuzkoa) eta 16:30ean Kanpazar Gainan (Gipuzkoa).