AHTaren lanak «berehala» geratzeko eskatu du ezker abertzaleak

Babesa azaldu diete Barcinari tartak botatzea egotzita deklaratzera deitu dituzten hiru lagunei

Erredakzioa
Iruñea
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroan hasi berri diren Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak «berehala» geratzeko eskatu du ezker abertzaleak. «UPNk eta PSNk osatzen duten gobernuak beste urrats bat egin du inposizioaren bidean», adierazi du Txelui Morenok. Hala, salatu du foru gobernuak %3tik gora murriztu duela datorren urterako aurrekontua; baina, haatik, igo egin duela AHTari bideratutako dirua. «Osasun eta Hezkuntza departamentuek diru gutxiago izango dute, eta Sustapen eta Etxebizitza Departamentuaren aurrekontua,aldiz, %4,14 igo dute». Beraz, gobernuari eskari argia egin diote: azal dezala zein den bere lehentasuna, «herritarrak edo gutxi batzuen negozioa». Ezker abertzaleak uste du, gainera, foru gobernuak argitu egin beharko lukeela zergatik ez duen eztabaida «ireki eta parte hartzailea» egiten AHTaren inguruan. «Azken batean, Nafarroan inoiz egin den azpiegiturarik handiena da».

Hondeamakinak Cadreita eta Alesbes arteko zatian ari dira lanean. Zatiak 8,5 kilometro ditu, eta obrek bi urte eta lau hilabete irautea aurreikusten du Nafarroako Gobernuak. Aurrekontua 30 milioi euro pasatxokoa da: kilometroko, hiru milioi eta erdi. 150 langile ariko dira beharrean.

Bestalde, ezker abertzaleak «babesa eta elkartasuna» azaldu die Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari Okzitaniako Tolosan tartak bota zizkioten AHTaren aurkako hiru ekintzaileei. «Delitua egiten dutenak baliabide publikoak xahutu eta beren proiektuak inposatzen ari direnak dira». Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek deitu ditu deklaratzera. Hilaren 16an izango da; baina, Madrilen ez, Iruñean agertu beharko dute. Bi delitu leporatzen dizkiete: agintearen aurkako delitua, eta espainiar batek beste espainiar baten aurka atzerrian egindako delitua.

Herenegun deklaratu zuen auziaren harira, Madrilen, Barcinak. Esan zuen tartek min egin ziotela, Frantziako merengea «gogorra» delako. Gainera, azaldu zuen aretotik atera behar izan zutela gertaeraren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.