AHT abiadura handiko trenaren kontrako mugimendua «kriminalizatzeko nahia» kritikatu dute hainbat pertsonak Donostiako Justizia Jauregiko atarian, trenaren aurkako 11 ekintzaileren epaiketaren karietara eginiko elkarretaratzean. Desobedientzia zibilaren alde hitz egin dute, eta AHTa ez egiteko eskatu. AHT Gelditu! Elkarlaneko bozeramaile Mila Elortzak elkartasuna adierazi die 11 auzipetuei, eta arbuiatu du protesta baketsu bat delitutzat jotzea: «Salatu nahi dugu herritarrok ez dugula inolako eskubiderik gure iritzia eta desadostasuna adierazteko».
2008ko abuztuaren 3an Donostian eginiko protesta ekintza batengatik auzipetu dituzte 11 ekintzaileak: errepidea itxi zuten hiru orduz, porlanez betetako bidoiak ezarriz eta elkarri kateatuz. Hori egitea eta polizien esanei kasurik ez egitea leporatuta, bina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak bederatzi auzipeturentzat; beste batentzat, bi urte eta bederatzi hileko espetxealdia; eta beste batentzat, 480 euroko isuna.
Atzo hasi zen epaiketa, eta ordu eta erdi geroago amaitu zen; fiskalak eta defentsako abokatuek akordio bat lortu zuten, zigor eskaerak jaitsi eta espetxealdiak isun ekonomikoekin aldatzeko. Bost auzipeturi sei hileko zigorra ezarri die epaileak, agintearen aurkako erresistentzia delitu bana egotzita. Preso egon beharrean, ordea, 1.440 euroko isun bana ordaindu beharko dute. Gainontzeko seiei 480na euroko isuna ezarri die, desobedientzia faltak egotzita.
Trena egitearen aurka mobilizazio gehiago iragarri dituzte datozen egunetarako. Elkarretaratze bat antolatu dute gaurko Hernanin (Gipuzkoa), udaletxeko plazan, lur desjabetzeen aurka egiteko. Gainera, giza kate bat osatuko dute Hernanin bertan datorren larunbatean, ekainak 2, 11:00etan. Kate horretan parte hartzera deitu zuen atzo Elortzak Justizia Jauregiaren kanpoaldean. Donostian, ekainaren 13an batuko dira, 08:30ean, udaletxe parean, hirian AHTa egiteko lur eremu ugari desjabetzearen aurkako jarrera adierazteko. Orobat, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tarta bana jaurtitzeagatik auzipetutakoek, Julio Villanuevak, Gorka Ovejerok eta Ibon Garciak, hitzaldi bat emango dute Donostian etzi, ekainak 1.
Bi zubi egiteko lanak, abian
Protestak egin arren, aurrera jarraitzen dute trena egiteko lanek. Espainiako trenbide sarea kudeatzen duen enpresak, Adifek, atzo hasi zituen Zornotzan (Bizkaia) bi zubi egiteko lanak. Sustapen Ministerioak jakinarazi duenez, Leginetxe eta Ibaizabal ibaien gainetik igaroko diren zubiak hasi dira eraikitzen. Leginetxekoak 261 metroko luzera izango du, eta 23 metroko altuera. Ibaizabal gainekoak, berriz, 394 metroko luzera. Zornotzan bost kilometroko bidea eraikiko dute orotara.
Gaur-gaurkoz Gasteiz eta Bilbo arteko hamabi zati egiten ari da Adif; bi hiriburuen arteko bidearen %60 da hori.
AHTari aurre egiteko, desobedientzia aldarrikatu dute 11 ekintzaileren auzian
2008ko protesta batean parte hartzeagatik isun ekonomikoak ezartzea adostu dute fiskalak eta akusatuen abokatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu