-Gizarte alderdiak: Azterketaren hasieran Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuen arteko distantziak jasotzen dira, errepidez nahiz trenbidez. Distantzia hori Abiadura Handiko Trenean zenbateko denboran egingo litzatekeen adierazten du, eta beste garraiobideetan talgoan, autoan edo autobusean beharko litzatekeen denbora alderatzen du. Esate baterako, Bilbo eta Donostia arteko bidea AHTen 38 minutuan egingo litzateke, talgoan 42 minutuan eta autobusean 70ean. Datu horiek trenbide sare berriaren iraunkortasun azterketa egiteko abiapuntu direla adierazi zuen Amannek.
Gaur egun EAEko hiru hiruburuen artean 57.000 bidaia egiten dira egunero. Bidaia horien %20 etorkizunean AHTk egingo dituela aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak. Hau da, egunean11.655 bidaia egingo dira AHTn. Haatik, azterketak ez du eskualdeen arteko mugikortasun daturik eskaintzen. Eta datu hori jakitea oso garrantzitsua da, kontuan hartzen badugu AHT EAEko hiru hiruburutan baino ez dela geldituko. Berrian Roberto Bermejok EHUko irakasleak adierazi zuenez, Jaurlaritzak duela gutxi EAEko mugikortasunaren inguruko txostena kaleratu zuen: hiriburuen artekoa mugikortasun guztiaren %0,45 da eta %97 eskualdeen artekoa da. Horren arabera, hiru hiriburuak lotuko dituen AHTk mugikortasunaren %0,45en izango du eragina.
-Gaur egungo garraioak ingurumenean eragiten dituen kalteak: Gaur egun EAEk Kyotoko Protokoloa betetzeko zailtasun ugari dituela adierazi zuen Amannek. Arrazoien artean, garraioa aipatu zuen: «Industria alorrean isurketen inguruan hobekuntzak badaude ere, errepideko garraioarekin lotutako isurketa kutsagarrien igoerak une honetan asko zailtzen du Kyotoko Protokoloa betetzea». Garraioak ingurumenean eragiten dituen kalteak konpondu ahal izateko, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %9 behar da. Halaber, 1990 eta 2000. urte bitartean berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa Europan %3,5 murriztu zela dio txostenak; EAEn, aldiz, %25eko gehitu zela. Eta gehikuntza horren arrazoi nagusia garraioen isurketak izan zirela dio, batez ere, errepideko garraioarena. Datu horiek ikusita, garraioan neurri «zorrotzak» hartu behar direla gaineratu zuen, egun garapen iraunkorraren kontra egiten dena gainditzeko: «Euskal Y-ak horri erantzungo dio».
-'Euskal y'-aren eragina ingurumenean: Euskal Y-ak ingurumenean izango duen eragina aztertzeko, AHTk egunero EAEko errepideetatik kenduko lituztekeen auto eta kamioien azterketara, «aurreztuko» den energia kontsumoaren eta isurien azterketara mugatzen da. Ez du bestelako aipamenik egiten, esate baterako, zenbat nekazaritza lur suntsituko dituen, zenbat nekazarik galduko duten baserria, tunelak eraikitzeko zenbat mendi txikituko diren, eta abar.
EAEko trenbide sare berriak edo Euskal Y-ak 194 km neurtuko du. Gehieneko abiadura 200 km/h-tik 220 km/h-ra artekoa izango da, eta batez besteko abiadura 150 km/h-tik 178 km/h-rakoa. Abiadura horietan ingurumenari kalte «oso txikia» egingo diola adierazi zuen.
Bestalde, azterketak dio Euskal Y-ari esker errepideko trafikoa gutxitu egingo dela: egunean 1.200 kamioi eta 5.400 auto gutxiago ibiliko dira. N-1 errepidetik 1.210 auto eta 1.175 kamioi kenduko lirateke; A-8 autobidetik 1.690 auto, eta A-68 autobidetik 2.475 auto. Bi autobide horietan zenbat kamioi gutxiago ibiliko diren ez du zehazten azterketak. Horrekin batera ere, gaur egun EAEko errepideetan zenbat kamioi eta auto ibiltzen diren ez du zehazten azterketak. Ez du inolako daturik ematen egungo kopuruei buruz. Beraz, ezin dugu jakin trafikoaren zenbateko portzentajea gutxituko litzatekeen AHT eraiki eta gero. Halaber, AHTrekin bidaien denbora murriztuko litzatekeela ere aipatzen da azterketan: egun batean, 8.100 ordu aurreztuko lirateke bidaietan (5.800 ordu bidaiarietan eta 2.300 merkantzietan). «Hori guztia ikusita, Euskal Y-ak bizi kalitate hobeagoa ekarriko du», ondorioztatu zuen: «Arnas eritasun gutxiago, aisialdirako asti gehiago, eta, elkarrizketarako aukera gehiago».
Energiaren kontsumoari buruzko datuak ere eman zituen. Errepideko bidaien artetik abiadura handiko trenak har ditzakeen bidaiak kontuan hartuz (11.655), egunero 27.200 gasolio litro aurreztuko lirateke. Haatik, ez du zehazten zenbat argindar gastatuko den AHT funtzionamenduan egoteko. Bestalde, Alvaro Amannek esandakoaren arabera, negutegi efektua eragiten duten isurketak (karbono dioxidoa, metanoa eta oxido nitrosoa) «askoz ere urriagoak» dira trenbideko garraioan, errepidean baino: «Egunean 425 tona karbono dioxido isurtzea saihestuko da». Ondorioz, Amannen esanetan, arnasteko oxigeno gehiago izango dugu, eta landa-lurraren «okupazioa txikiagoa» izango da.
-Ekonomia: Datu horiek guztiak kontuan hartuta, hots, aurrezpena erregaietan, bidaia denboratan eta kanpoko kostuetan, urtero 601.000 euro aurreztuko direla esan zuen. Gainera, Euskal Y-aren kostua 20 urtetan amortizatuta egongo da. Hala ere, ez zuen esan Euskal Y-ak zenbateko aurrekontua izango duen. Ez eta, esaterako, zenbat balioko duen bidai bakoitzak.
-
PROIEKTUAREN EGOERA
Obrak Irunen aurten hasiko direla dio Amannek
EAEko Herri Lan eta Garraio sailburu Alvaro Amannek atzoko agerraldian aurreratu zuenez, Espainiako Sustapen Ministerioak aurten ez baditu Euskal Y-aren obrak hasten Irunen, Eusko Jaurlaritzak bere aldetik hasiko ditu. Sustapen Ministerioak hartu berri duen erabakia kritikatu zuen, hots, urtea amaitu baino lehen Euskal Y-aren Gasteiz eta Bilbo arteko zatiak esleitzeko hartu duen konpromisoa. «Obrak 2004an mugatik hastea da logikoena. Espainiako Sustapen Ministerioak ez baditu 2004an Irunen obrak hasten, guk hasiko ditugu», gaineratu zuen sailburuak. Euskal Y-a Europaz gaindiko sarearen barruan dagoela ere gogorarazi zuen, eta Espainiako Gobernua une oro «izaera hori» estaltzen saiatzen ari dela. Hala eta guztiz ere, elkarlanerako deia egin zuen. EAEko trenbide sare berria eraikitzeko jarraipen batzorde bat osatzeko proposatu zion Amannek Espainiako Sustapen Ministerioari: «Elkarlanean lan egiteko ordua iritsi da, gizartearentzat garrantzi handiko azpiegituraz ari garelako». Espainiako Sustapen ministro Magdalena Alvarezekin biltzeko «gogoz» dagoela gaineratu zuen, «proiektua garatzeko elkarrizketarako eremua sortu ahal izateko». Bestetik, hiru hiriburuetako sarbideak aztertzeko orain lau urte eratu ziren batzordeak berriz ere eratzeko eskatu zuen.