AHTko bi zati atzeratu egin ditu Espainiako Sustapen Ministerioak

Madrilek ez ditu adjudikatu Elorrio eta Atxondo-Abadiño zatiak, proiektuak amaituta badaude ere

Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Sustapen Ministerioak atzeratu egin du AHT abiadura handiko trena Elorrion eta Atxondo-Abadiñon (Bizkaia) eraikitzeko lanen adjudikazioa. Vocento taldeak argitaratu duenez, hilabeteak igaro dira bi tarteetako proiektuak amaitu zituztenetik, baina Espainiako Gobernuak ez du deitu oraindik leihaketa publikora.

Atxondo eta Abadiño batzeko egitasmoak sei kilometro luze ditu, eta, obra horrekin hasten direnean, erakitze lanetan izango da Gasteiz eta Bilbo arteko bide osoa. Hamabi zati egiteko lanak martxan daude bi hiriburuen artean, eta beste bi amaituak dituzte. Elorrioko tarteak hiru kilometro baino gutxiago ditu, baina zati horretan bat egiten dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bideek. Gipuzkoan, hamairu zatitan ari dira lanean, eta beste bi amaituak dituzte. Martxan da Hernialde eta Zizurkil arteko bidea egiteko lehiaketa publikoa —oraindik ez dute adjudikatu—, eta Donostia eta Irun arteko zatia aztertze fasean dago oraindik.

Aurrekontuak, hilaren 30ean

Espainiako Gobernuak martxoaren 30ean aurkeztuko ditu 2012. urterako aurrekontuak, eta orduan argituko da AHTa egiteko lanek zein abiadura izango duten Araban eta Bizkaian. Gipuzkoako bidea egiteko lanak Eusko Jaurlaritzak ordaintzen ditu, baina diru kopuru hori itzultzen dio, kupo bidez, Espainiako Gobernuak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuetatik 350 milioi euro emango ditu aurten Jaurlaritzak AHTa eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.