AZPIEGITURAK

AHTko Gipuzkoako obra gehiago hartuko ditu bere gain Jaurlaritzak

Espainiako Gobernuarekin zuen hitzarmena aldatu du, obra gehiago egiteko; besteak beste, Astigarraga-Lezoko salgaien saihesbidea, eta Ezkioko eta Donostiako geltokiak. 500 milioi euro aurreratuko ditu Jaurlaritzak obra horietarako.

AHTko obrak, Zizurkilen, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko azaroaren 25a
15:16
Entzun

Maiatzean sinatu zuten Espainiako aurrekontuetarako akordioa EAJk eta PPk, eta horren barruan adostu zuten AHT abiadura handiko trenaren lanak 2023arako amaitzea. Horretarako urratsak zehaztu dituzte azken hilabeteotan, eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Gipuzkoako obra gehiago hartuko dituela bere gain. Eredu hau dute: Jaurlaritzak egin obrak, dirua aurreratuta, eta ondoren Kupo bidez itzuli dirua Madrilek.

Izatez, AHTaren Gipuzkoako zati gehienak Jaurlaritzaren esku egon dira orain arte ere, eta aurreratuta dauzka lanak: ibilbidearen “erdia baino gehiago” amaituta dagoela azaldu du Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. Hamazazpi tarte dituzte Gipuzkoan, eta hamabi amaituak dituzte. Horiez aparte, honako lan hauek hartuko ditu bere gain Jaurlaritzak:

1. Ezkioko geltokia. AHTrako geltokia egingo dute. Lau milioi euro pasatxoko aurrekontua du.

2. Astigarragako geltokia. Gaur egungo trenbide sarearen barruan joango da geltoki hori, oraingo Renferen zerbitzuak ez baitauka geltokirik Astigarragan. 4,7 milioi euro.

3. Tuneletako larrialdiko irteerak. Europako Batzordearen arauek eskatutako segurtasun irteerak ez zizkieten egin AHTko tunelei, eta orain egin beharko dituzte obra horiek. Gipuzkoako zatiari dagozkion lau tuneletan egin beharko dituzte larrialdiko irteerak. 14,2 milioi euroko gastua espero dute. Gainera, beste jardun batzuk ere espero dituzte; “hegalak egonkortzea eta zeuden iturburuetan sortu diren eraginak lehengoratzea” aipatu dute. 1,7 miloi euro lirateke horiek.

4. Salgaientzako saihesbidea. Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartean saihesbide bat eraikiko dute salgaiak garraiatzeko. Hori da obrarik handiena: 356,6 milioi euroko kostua espero dute.

5. Donostiako geltokia. Gaur egungo Iparraldeko geltokian eraikiko dute AHTaren geralekua. Jaurlaritzak hartuko du obra horren ardura. 90 milioi euro izango dira.

Espainiako Gobernua, berriz, Bergarako lotuneko lanekin ari da orain. Hiru tarte daude egiteko, eta haietako bat duela hilabete lizitatu zuten; gainerakoak, “aste gutxi barru”.

Bultzada horrekin, Tapia sailburuak adierazi du 2023an “zerbitzua ematen hasteko helburua” dutela. Bidenabar, nabarmendu egin du aste honetan Kupoari buruz Madrilen izandako adostasuna, horrek ahalbidetzen duelakoan Jaurlaritzak obrak egin ahal izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.