AHT abiadura handiko treneko lanak egiteko tramitazioa aurrera doa Nafarroan ere. Berriki, uztailaren 29ko Nafarroako buletin ofizialean, Cadreita eta Alesbes arteko zatiaren derrigorrezko lur desjabetzeak agindu ditu Nafarroako Gobernuak. Hala, desjabetze horiek egiteko egunak ere ipini dituzte, abuztuaren 31n eta irailaren 1ean eta 2an, kaltetutako herritarrak bizi diren udal bakoitzean: Cadreitan, 31n eta 1ean, eta Alesbesen, 1 eta 2an.
Lurren desjabetzeei buruzko informazioa ikusgai jarri dute. Besteak beste, kaltetutako udaletxeetan eta Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzan dago. Hamabost eguneko epean —buletin ofizialean argitaratu zenetik, hain zuzen ere— helegiteak jar daitezke.
Cadreita eta Alesbes artekoa Castejon eta Iruñea arteko zatiaren azpiatal bat da. Hain zuzen ere, Nafarroan hiru zati nagusitan banatuta dago AHTaren egitasmoa: Tutera-Castejon, Castejon-Iruñea eta Iruñea-Gipuzkoako lotura. Castejon eta Iruñea arteko zatiaren tramitazioak daude aurreratuenak. Iazko martxoaren 30ean Nafarroako eta Espainiako gobernuek hitzarmen bat sinatu zuten zati hori finantzatzeko. Zati osoaren aurrekontua 675 milioi eurokoa da. Nafarroako Gobernuak 387 milioi aurreratuko ditu lanak hasteko, eta Espainiako Gobernuak 2013tik aurrera dirua itzuli beharko lioke. Castejon eta Iruñea arteko zatia 2015. urterako amaitu nahi dute.
Nafarroako tren lasterraren beste bi zatiak askoz ere atzeratuago daude. Hain zuzen ere, haien ikerketa informatiborik ere ez dago. Gipuzkoako lotura nondik eta nola egin aztertzeko erakundeen arteko batzorde bat eratu dute Nafarroako Gobernuak, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, eta batzorde horrek erabaki beharko du dauden aukeren artean zeinen alde egin.
«Nafarroa zorpetzen ari dira»
AHT Gelditu! Elkarlanak gogor kritikatu ditu Nafarroako Gobernuaren urratsak, eta ohartarazi du gastatu nahi duten dirutzak—3.000 milioi euro— Nafarroa «larriki zorpetuko» duela.
AHTaren aurkako taldeak berriro ere salatu du Nafarroako korridorearen ingurumen eraginaren deklarazioa «zaharkituta» dagoela eta berria egin behar dela. Izan ere, azken deklarazioak 2004ko abuztuko data duela gogoratu du. «Prozedura administratibo horrek bost urteko epea du eta aspaldi igaro da», azaldu du. Era horretan, lanak hasiko balira egoera juridiko «irregularrean» hasiko liratekeela ohartarazi du. Egoera horretan,AHT Gelditu! Elkarlanak gogoratu du Sustrai Eraikuntza fundazioak lur desjabetzeak pairatuko dituzten pertsona eta erakundeei «zerbitzu tekniko eta juridikoa» eskaini diela.
Egoera juridiko hori eta diru publikoetan eragingo duen estutasuna kontuan hartuta, lanen inguruan «ziurtasun falta nabarmena» dagoela salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak.
Hala, egitasmo honen aurka ari direnek salatu dute Nafarroako Gobernuak ez duela aintzat hartu nahi kostu ekonomikoaren barruan lanak aurreratzeko emandako diruarengatik banketxeek eskatuko dituzten interesak. Eta gogoratu dute Nafarroako abiadura handiko trena ez dela lehentasunezkoa Espainiako Gobernuarentzat.
AHTrako lehen lur desjabetzeak agindu dituzte Nafarroan
Hil honen amaieran hasiko dira Cadreita eta Alesbes arteko zatiko lur desjabetzeetako aktak egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu