«AHTren borroka gizarteko sektore askorena da. AHTren borroka ekologistena, eskubide zibil eta politikoen alde lan egiten dutenena, nekazariena, sindikalistena, langileena, gazteena, emakumeena, jubilatuena, etorkinena, eta, oro har, justizian eta ama lurrarenganako errespetuan oinarritutako gizarte ereduaren alde lan egiten dutenena da». Mila Elorza AHT Gelditu Elkarlaneko kidearen hitzak dira. Hain zuzen, hori hala dela erakusteko atzo agerraldia egin zuten gizarte eragile ugarik Donostian, AHT gelditzeko hamaika arrazoi daudela «ozen» adierazteko. Bihar Donostian 17:30ean Anoetatik abiatuta egingo den manifestaziora joateko deia egin zieten herritarrei.
Hona hemen atzo kaleratutako argudioetako batzuk:
Iñaki Antiguedad
Mugimendu ekologistako kidea
«'Munduak petrolio asko behar du, eta ez dago guztientzat'. El Correo egunkariko editoriala. 'Autoa egunero erabiltzea deseroso bihurtzea lortu behar dugu'. Alvaro Amann Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu ohiak esandakoa. 'Urumeako autobiarekin Donostialdeak egunero 44.000 ibilgailu ekar ditzake'. Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzak. 'Euskal Y-a ez eraikitzeak 50 urteko atzerapena ekarriko du'. Eusko Jaurlaritza. Horregatik, ekologiatik eta zentzuzko ekonomiagatik, larunbatean Anoetan dugu hitzordua».
Igor Uriarte
Elkartzen
«Erakundeetako gastu soziala izoztuta dago, eta AHT bezalako azpiegitura erraldoi batekin are gehiago murriztuko dira aurrekontuak. AHTk elite ekonomikoei soilik egingo die mesede».
Txutxi Ariznabarreta
LAB
«AHTk ez du balio euskal esparru sozioekonomikoa sortzeko, AHTk ez dielako langileen behar eta interesei erantzuten. Kapital finantzarioaren mesederako eraikiko da. Hala eta guztiz ere, langileen poltsikotik ordainduko da».
Josu Ormaetxea
Urbinako alkatea
«Urbina 50 biztanleko herria da, eta proiektu honek guztiz txikituko du. 100 metrora pasako da trena. Inork ez digu galdetu AHT nahi dugun, eta, instituzioetatik ez digute informaziorik eman».
Celia San Vicente
Itoizko solidarioa
«Azpiegitura erraldoiak herriak, kulturak eta lurrak izorratzen dituen ereduaren zutabe estrategikoak dira. Gure aukera mobilizazioa, erresistentzia eta ekintza zuzena dira».
AHTren aurka bihar Donostian egingo den manifestaziora joatera deitu dute
Gizarte mugimenduetako ordezkariek AHTri ez esateko euren arrazoiak eman dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu