AHT

AHTren Nafarroako korridorearen kontrako martxa deitu dute hilaren 29rako

Martzillatik (Nafarroa) abiatuko dute martxa AHT Geldituk eta abiadura handiko tranaren aurkako hainbat elkarte gehiagok. Nabarmendu dute orain dela "lanak gelditu eta burugabekeria honekin bukatzeko unea".

2018ko irailaren 21a
20:20
Entzun

Deitzaileen esanetan, ez da arrazoirik falta AHTren Nafarroako korridoreko lanak bertan behar uzteko. "Lurraldeari kalte larria dakarkio, bidaiari kopuru nahikorik ez luke inondik inora, biztanleen gutxiengo batek erabiliko luke, ez luke salerosgairik eramanen, trenaren izaera publiko eta sozialaren deuseztapena suposatzen du eta gaur egun gutxienezko zerbitzu bat ematen duten geltokiak desagertzea ekarriko luke: Altsasu, Tafalla eta Castejonen esaterako".

Hori dela eta, protesta martxa bat egingo dute hilaren 29an, Martzillatik hasita. 11:00etan abiatuko da. Mobilizaziora deitu dutenen artean dira AHT Gelditu, tren sozialaren aldeko Iruñerriko, Erriberako eta Sakanako plataformak, Ernai eta Sustrai Erakuntza.

Deitzaileek Europar Batasuneko Kontu Auzitegiak kaleraturiko txostena ekarri dute gogora. Haien esanetan, txostenak "astakeriatzat jotzen du eraikuntza lan publiko egitea errentagarritasun sozial edo ekonomikoa baloratzen duen txostenik edo ikerketarik egin gabe".

Azkeneko hilabe-teetan, abiadura handiko trena eraikitzeko lanak bizitu egin dira Nafarroan. Abuztuaren hasieratik, Azkoien-Erriberri zatian lanak hasi dituzte, Martzillatik gertu. Halaber, Alesbes-Azkoien zatiko lanak egun gutxian hasiko dituzte. Gainera, beste bi zati egiteko lanak lizitatu dituzte; hots, baliteke 2019ko bozen aurretik martxan egotea Castejon-Ezkirotz zatiaren %42,5 egiteko lanak.

AHT eraikitzeko lanak azkartu direlako, proiektua geldiarazteko unea orain dela ohartarazi dute deitzaileek. "Hemendik gutxira, AHTren nafar korridorearen lehen fasearen lanen erdia baino gehiago eraikitzen hasita edo eraikita izanen dugu".

Datorren urteko foru hauteskundeetan, tren sozialaren edo AHTaren aldeko jarrera alderdi politikoen diskurtsoen "ardatz" izan behar duela adierazi dute, "gizarte eta ekonomia garapen eredu gisa", eta jarrera horiek hurrengo gobernuaren osaketarako erabakigarri izatea eskatu dute. "Aldaketaren Gobernu batek ezin du oinarri izan AHTren garapena". Salatu dutenez, AHTak "diru publikoaren xahuketa" eta "ingurumena txikitzea" dakartza, eta proiektu "sozialki suntsitzailea" da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.