2003. urtean ezker abertzalea legez kanporatu izana salatzeko Laudion egindako protesta batetan parte hartu izana egotzita, Aiaraldeko 19 herritar epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, «terrorismo» delituarekin lotuta. Herritarrek jakinarazi dutenez, Laudioko 17 lagun eta Amurrioko bik jaso dute epaituko dituzten abisua.
Gogoratu dutenez, 2003ko udal hauteskundeetan 2.033 laudioar «ordezkaritza politikorik gabe» geratu ziren, ezker abertzalea legez kanporatu izanaren ondorioz. Hori ikusirik, 200 herritar inguru bildu ziren alkatearen kargu hartzeko udalbatzarren, Laudioko ordura arteko alkate Pablo Gorostiagari babesa eman eta Alderdien Legea modu baketsuan salatzeko. Udalbatzarrera joan, eta eskuorriak banatuta eta txilibituekin zarata eginda egin zuten protesta, duela zortzi urte.
PPko ordezkariek salaketa jarri, eta, auzia hainbat auzitegik aztertu ondoren, «terrorismo deliturik» ez zegoela ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak. Orain, ordea, auzia Auzitegi Nazionalak epaitu behar duela ebatzi du Auzitegi Gorenak, helegite baten harira.
«Mehatxuak, koakzioa zein lesioak eragitea, eta herriko bake publikoa haustea» egotzita, 57 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak 19 akusatuentzat; hiruna urteko kartzela. Akusazio partikularrak, berriz, 76 urtetik gorako kartzela zigorra eskatu du guztira; urtebetekoa hiru lagunentzat, eta bost eta sei urte artekoa gainontzekoentzat.
Laudioko Auzipetuen Lagunak taldeak auziaren aurkako mozioa aurkeztuko du astelehenean Laudioko udalbatzan.
Donostiakoak, arartekoarekin
Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita seina urteko kartzela zigorra jaso duten Donostiako 15 gazteak, berriz, arartekoarekin bildu ziren atzo, haien egoeraren berri emateko. Gazteek laguntza eskatu zioten «injustiziaren» aurrean, eta arartekoak «ahal duena» egingo duela erantzun zien.
Aiaraldeko 19 lagun auzitara, protesta egiteagatik
2003an ezker abertzalea Laudioko Udaletik kanporatu izana salatu zutelako epaituko ditu Auzitegi Nazionalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu