Xabier Aierdi eta Enrique Antolin Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak absolbitu egin ditu Bilboko Epaitegiak. Bi irakasleak iragan astean epaitu zituzten, EHUn matrikulatuta zeuden bi ikasle deportaturen irakasle gisa zegozkien lanak egiteagatik. BERRIAk jakin ahal izan duenez, epaileak bulegora deitu ditu biak, epaiaren berri eman eta filtrazioak saihesteko.
Besteak beste, epaileak argudiatu du prebarikazioa egiteko auzipetuek "injustiziaz" jardun behar zuketela "nahita", eta jarduera horrek "legez kanpokoa" izan behar zukeela. Epailearen hitzetan, ez dago frogarik auzipetuek hala jardun zutela ondorioztatzeko.
Absoluzioaren berri izatean, "EHUren gainean jarri duten lupa" kentzeko eskatu du Aierdik. BERRIA.INFOri eginiko adierazpenetan, pozik azaldu da Aierdi, eta epaiari helegitea jartzeko aukera badago ere, auzia gaurko absoluzioarekin amaitzeko nahia agertu du.
Fiskaltzak prebarikatu izana leporatu zien biei, eta zortzi urteko inhabilitazioa ezartzeko eskatu zuen. EHUk babes osoa eman die bi irakasleei. Inputazioaren berria ezagutu zenean, EHUren Gobernu Kontseiluak sostengua adierazi zien akusatuei, eta biek irakasle gisa zegokien "lan egokia" egin zutela ohartarazi zuen.
Epaiketaren bezperan, EHUko 1.032 irakasle eta ikertzailek adierazi zieten elkartasuna: "Gutariko edonor egoera berean egon zitekeen irakasle gisa dagozkigun betebeharrak egiteagatik". Deportatuak EHUn matrikulatu zirenean dekanordea zen Antolin, eta Aierdi, tutorea. Bi deportatuak EHUn matrikulatuta zeuden, Egoera Bereziko Ikasleen Sistemari jarraituta.
EHUk poza azaldu du bi irakasleen absoluzioaren berri izan ondoren. Nabarmendu du irakasleek euren eginbeharra bete zutela bi deportatuen tutore lanak eginez, eta epaiak hori berresten duela. Aldi berean gogoratu du elkartasuna handia izan dela auzi honetan eta irakaslegoak bultzatu zuen sinadura bilketan 1.100 bildu zituztela.