Donostian Aieteko konferentzia izan zenetik (2011-10-17) 1.333 egunera izan da gaur Pariskoa. Duela ia lau urtekotik egoera asko aldatu da Euskal Herrian, ETAk utzi baitzuen jarduera armatua. Baina bi hitzorduetako egoerak desberdinak izan arren, egin ahal da bi adierazpenen arteko konparazio bat (Aieteko adierazpena eta Pariskoa):
Konferentziaren izenburua. Aieteko hitzordua bakegintzari buruzkoa zen, baina "Nazioarteko Konferentzia" izena eman zioten, 'bakea' aipatzeke. Pariskoak 'bakea' aipatu du izenburuan ("Paris Euskal Herriko bakearen alde").
Ebazpenaren izenpetzaileak. Nazioartean sona handiko sei lagunek izenpetu zuten Aieteko ebazpena: Kofi Annan (NBEko idazkari nagusi ohia), Gro Harlem Brundtland (Norvegiako lehen ministro ohia), Bertie Ahern (Irlandako lehen ministro ohia), Pierre Joxe (Frantziako Barne ministro ohia), Gerry Adams (Sinn Feineko presidentea) eta Jonathan Powellek (Erresuma Batuko kabineteko buru ohia). Pariskoa, 110 lagunek. Aietekoaren sinatzaileen artetik Frantziako hiriburuko ekitaldian izan dira Ahern eta Joxe.
Gatazka armatua. Bi ebazpenetan ageri da Euskal Herrikoa dela Europako azken gatazka armatua. "Europa mendebaldeko azken gatazka armatua", zioen Aietekoak, eta "Europako azken konfrontazio armatua", Pariskoak.
Itxaropena. 2011ko ebazpenean baikor ziren sinatzaileak, gatazka armatua "behin betiko gainditzeko garaia iritsi dela eta posible dela pentsatzen dugulako". Pariskoak dio auzia "konponbiderako fasean sartua" dela.
Sostengua. Bietan aipatzen da konponbidearen xedeak euskal gizartearen babesa duela. Aietekoak zioen nazioarteko komunitatea ere prest zegoela laguntza emateko. Pariskoak dakar nazioartea "geroz eta babes handiagoa" ari dela ematen horretan.
Eskaria ETAri. 2011eko urriaren 17ko ebazpenean ETAri jarduera armatua uzteko iragartzeko eskatu zioten. Eskaera bete zuen ETAk. Gaur, berriz, "desarmatze prozesua burura" eraman dezala eskatu diote. Bi eskaeratan lehen puntu gisa ageri dira biak.
Bi estatuen inplikazioa. Aietekoak Espainiako eta Frantziako gobernuei "soilik gatazkaren ondorioez aritzeko elkarrizketa" abiatzeko dei egin zien. Parisko idatziak ere bi exekutiboen engaiamendua eskatu du; "bakearen aldeko baldintzak sortzeko ahaleginak ezin dira aldebakarrekoak izan. Bakea, nahi ala ez, Frantziako eta Espainiako gobernuak gatazkaren konponbidean engaiatzearekin soilik helduko da". ETAren desarme prozesuan "inplikatzeko" galdegin diete gaur, prozesua "molde adostu eta kontrolatuan" egin dadin.
Euskal presoak. Aieteko idatziak ez zekarren euskal presoei buruzko aipamenik. Gatazkaren ondorioak konpondu beharra aipatu zuten, baina presoak zehazki aitatzeke. Pariskoak bigarren puntuan aipatu du; batetik, sakabanaketa amaitzeko eskatu dute, eta, bestetik, "presoei legearen baitako zigorren malgutzea aplikatzeko eta eri direnak askatzeko".
Biktimak. Bi testuek aipatzen dute "biktima guztien aitortza" egin behar dela, eta haiek lagundu behar direla. 2011ko adierazpenak "eginiko minaren aitorpena" aipamena ere bazekarren. Bietan dator berradiskidetzearen beharra.
Gai politikoak. Aietekoak aipatu zituen "gai politikoak", Pariskoak ez. Duela hiru urteko idatziak "eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak biltzera iradoki" zituen, "gai politikoak eta gaiarekin zerikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz".
Jarraipen Batzordea. Annanen taldea prest azaldu zen emandako "aholkuak bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea" osatzeko. Pariskoak ez du espreski halakorik aipatzen. Dena dela, 2011tik dira, Aieteko taldeaz gain (Powell dela buru), Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordea eta Harremanetarako Nazioarteko Taldea. Gainera, 2013tik Mexikon, Uruguain, Argentinan eta Ekuadorren Aieteko edukien alde azaldu izan dira hainbat lagun ezagun, eta aurtengo martxoan Arnaldo Otegi askatu; euskal presoak etxera adierazpena aurkeztu zuten Europako Parlamentuan, Friendship taldeak sustatuta. 2011tik nazioartetik sostengu zabala jaso da.
ETAren erantzuna. Aieteko Nazioarteko Konferentzia izan eta hiru egunera jakinarazi zuen ETAk jarduera armatua betiko bukatu zuela. 2011ko urriaren 20a zen. Orain ikusteko dago Parisko adierazpenari erantzungo dion. Egiaztatzaileek iazko otsailean baieztatu zuten ETA armategia indargabetzen hasi zela.