Aieteko Adierazpenari baikor erantzuteko eskatu diote Frantziari abertzaleek

Euskal herritarren hitza eta erabakia errespetatzeko eskatu diote gatazka gainditzeko bidean

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Hauteskunde garaietatik at gutxitan egin dute ezker abertzaleko alderdiek agerraldi bateraturik. Atzo ekimen bateratu bat plazaratu zuten, hain zuzen ere, Frantziari eskatzeko Aieteko nazioarteko konferentziaren adierazpenari erantzun baikorra emateko. Adierazpena bera sinbolikoa izan zen. Xabier Ezkerra euskal iheslari politikoak irakurri zuen euskaraz, eta atzerritik Filipe Bidart IK-ko militante historikoak irakurri zuen frantsesez, bideokonferentzia baten bidez. Mahaiaren inguruan ABko, Batasuneko, Autonomia Eraikiko eta EAko ordezkariak agertu ziren, Segiko ordezkariekin eta preso ohiekin batera. Bertan izan ziren, Aieteko konferentzian egondako bi eragile ere, Anita Lopepe Batasunekoa eta Jakes Bortairu ABkoa. Mahaian ez zen EAJko ordezkaririk egon.

Azkenaldian egin diren urratsak begi onez ikusten dituztela adierazi zuten, eta, horien artean, Aieteko Adierazpena nabarmendu zuten. Lehen puntuari dagokionez, azpimarratu zuten ETAk jakinarazi duela armak behin betiko utziko dituela, adierazpenaren eskariari erantzunez. Lizarra-Garaziko garaietan itxi zuen IK-k borroka armatuaren kapitulua.

Bigarren puntuan Aieteko Adierazpenak konponbidean engaiatzeko eskatzen die Frantziari eta Espainiari. «Parisek Aieteko Adierazpenari baikorki erantzun behar dio, Euskal Herrian sortu den egoera berriari baikorki erantzun behar dio, osoki inplikatuz konponbide politikoaren alde», adierazi zuten.

Gatazkaren ondorioen atalean ere urratsak eskatu dizkiote. «Lehenik eta behin, ez dugu ikusi behar militante bat gehiago atxiloturik, espetxeraturik edo euroagindu baten gauzatzearen mehatxupean». Errepresioaren bidea berehala ixteko eskatu zioten Parisi. Mundu zabaleko gatazka guztietan bezala presoek «orain» libre gelditu behar dutela azaldu zuten.

Biktimak, bi aldeetan

Eragileek azpimarratu zuten ados daudela gatazkak eragin dituen biktima guztiak aintzat hartzeko. Ipar Euskal Herrian ere bai, biktimak bi aldeetan egon direla gogorarazi zuten. Batetik, borroka armatuak materialki edo fisikoki kolpatuak, eta, bertzetik, errepresioak eragin dituen biktimak. Hildako, desagertutako edo zauritutako militanteak, Frantziako presondegietan hildako militanteak, sakabanaketa politikak sortzen dituen familia dramak, mundu zabalean dauden deportatuak eta prekarietatean bizitzera bortxatuak diren euskal iheslari politikoak.

Konponbide integralak puntu horiei heltzea eskatzen duela nabarmendu zuten. «Gatazkaren kausa erabat politikoa da, eta gatazkaren oinarriak zein diren oroitaraztea oso garrantzitsua iruditzen zaigu».

Dei egin zieten Donostian egon ziren alderdi ez-abertzaleei, konponbidearen ildoan ekarpena egitera. Frantziari Euskal Herriaren aitortza eskatu zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.