Aieteko ebazpenari jarraipena egiteko batzorde bat sortuko du HNTk

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak ohartarazi du Espainiak eta Frantziak ez dutela behar bezala erantzun

Aieteko Adierazpena sinatu zuten nazioarteko eragileak. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Urriaren 17an Euskal Herriko gatazkaren konponbidea bultzatzeko Aieten egin zen Nazioarteko Konferentziaren garrantzia ikusirik, bide horri jarraipena ematea erabaki du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (HNT). Gatazken konponbideen aditu Brian Currin hegoafrikarraren taldea Londresen batzartu zen hilaren 6an, eta jakinarazi du Aieteko Adierazpenari segimendua egiteko taldea osatzeko asmoa duela.

Nazioarteko taldeak berak azaldu duenez, Euskal Herrian «gatazkaren konponbidea bultzatu, erraztu eta arintzeko betekizunarekin jarraitzea» zen aurreko asteko bileraren helburua, eta, horretarako, Aieteko Konferentziaz geroztik izandako gertakariak aztertu zituen.

Egoeraren analisia egiteko «kontuan hartu beharreko» gertaeren artean, ETAren jarrera hartu du hizpide, lehenik. Aieteko Konferentziatik egun gutxira jardun armatua behin betiko eten duela jakinarazi izana kontuan hartzeko urratsa dela dio.

Taldeak ohartarazi duEspainiako eta Frantziako gobernuek, aldiz, ez diotela «erantzun positiborik» eman ETAren adierazpenari, eta indarkeriaren ondorioak lantzeko elkarrizketak ere ez direla gauzatu. «Elkarrizketa hauen asmoa ez da negoziazio politikoak jorratzea», zehaztu du.

Hala ere, taldeak dio Espainiako hurrengo presidenteak, Mariano Raxoik, aintzat hartu duela ETAren ebazpena; horixe egin zuela «pauso garrantzitsua» dela esan zuenean. Gogorarazi du Europako Batzordeko presidenteak ere goraipatu egin zuela ETAren erabakia; «benetako une historikoa» dela adierazi zuela.

Harremanetarako Nazioarteko Taldearen esanetan, egin berri diren hauteskundeek ere gauza bat utzi dute agerian: «Soilik prozesu demokratikoek funtzionatzen dutela».

Bestetik, kontuan hartu beharreko gertaeren artean, «nazioarteko buruzagien konpromisoa» nabarmendu du harremanetarako taldeak. Aieteko ebazpenean adierazi bezala, ebazpenak berak jasotako aholkuei jarraipena egiteko batzordea sortzeko konpromisoa agertu zutela gogoratu du.

Bultzadari eutsi beharra

«Eutsi egin behar zaio nazioarteko konferentzian zehar eta juxtu berehala lortutako bultzadari», ondorioztatu du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak. Hori dela-eta, taldeak nazioarteko ordezkariekin lankidetzan jardutea erabaki duela jakinarazi du, Aieteko ebazpenean jasotzen diren aholkuei segimendua egiteko batzordea eratzeko pausoak finkatzeko helburuz.

Gauzak horrela, egoeraren garapena behatzen jarraituko du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak. «Iritzi publikoaren konfidantza» sustatzeko neurriak bultzatzeko prest dagoela ere adierazi du. Eta, horretarako, «gizarte zibilarekin» jarduteko prestutasuna duela, bai eta «alderdi politiko guztien artean gauzatu beharreko elkarrizketa» sustatzekoa ere.

Konfidantza hori lortzeko, biktimen gaiak berebiziko garrantzia duela ohartarazi du. Iraganari heldu egin behar zaiola, eta, iragana «biktimen ikuspegien ulermenaren bidez» aintzat hartzeak jarraitzen duela «kezka nagusia» izaten.

Bide orri baten bila

Egungo egoera «gizatiartu» edo humanizatu egin beharra dagoela sinetsita, helburu horri begirako ekimenak sostengatu eta errazten ahaleginduko da Harremanetarako Nazioarteko Taldea. Era berean, «Euskal Herriko gatazkan zerikusia duten pertsonek haien arteko desadostasunak konpon ditzaten», bide orri bat bultzatzen ere ahaleginduko dela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.