'Aita Mari' ontziak 112 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneo itsasoan

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, hemeretzi adingabe daude erreskatatuen artean

Aita Mari ontzia, artxiboko irudi batean. ANDREU ESTEBAN / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
Aita Mari ontziak 112 pertsona erreskatatu zituen larunbat iluntzean Mediterraneo itsasoan, erdialdeko ibilbidean. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi zuenez, bi erreskate egin zituzten. Atzo eguerdian lehorreratu ziren Reggio di Calabrian (Italia). Erreskatatu guztiak «ondo» zeuden, baina ahul eta zorabiatuta, eta hipotermia sintomak ere bazituzten. Erreskatatuen artean hemeretzi adingabeak dira, horietako sei 0 eta 3 urte bitarteko haurtxoak, eta hiru 3 eta 12 urte bitarteko umeak.

Tripulazioko kideek azaldu zutenez, larunbat arratsaldean nabigatzen ari zirela egurrezko txalupa bat ikusi zuten, eta laguntzera joan ziren. Han zeuden 55 lagunak erreskatatu zituzten. Erreskate hura egiten ari zirela, abisu bat jaso zuten esateko inguruan beste txalupa bat zegoela noraezean. Hara joatea erabaki zuten. Itsaso txarra zegoen, eta erreskatea «konplikatu xamarra» izan bazen ere, lortu zuten 57 pertsona salbatzea.

Horrelakorik ez gertatzeko, pasabide seguruak eskatu dituzte berriro ere migratzaileentzat: «Inork ez luke bere bizitza itsasoan arriskuan jarriko legezkoak eta seguruak diren pasabideak jarriz gero, eta behartuta egongo ez balira tokialdatzera».

Hamabost egunean, bi

Ez da Aita Mari ontziak azken egunetan egin duen erreskate bakarra. Orain bi aste, urriaren 13an, 69 lagun erreskatatu zituzten. Italiako Gobernuak Napolin porturatzeko agindu zien, nahiz eta hasieran Genovara bideratu nahi zituen, erreskatea egin zuten lekutik 965 kilometrora.

Gisako oztopoak ohikoak dira horrelako egitasmoetan: beste erreskateetan ere urrun dauden portuak adjudikatu izan dizkiote Aita Mari-ri. Erreskate taldeak behin eta berriz gogoratu du gobernuek nahita adjudikatzen dituztela urrun dauden portuak, horrela ontziek denbora askoz utzi behar baitute salbamendu eremua. Baina horrek gastu handiagoa eragiten die. Salaketa horien harira, gobernuek diote portuetara iristen diren migratzaileen kopuruak eragiten duen presioa arintzeko estrategia bat baino ez dela.

2018tik martxan da Aita Mari eskifaia; bost urteotan mila lagun baino gehiago erreskatatu ditu. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak kudeatzen du ontzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.