'Aita Mari' ontziak 69 lagun erreskatatu ditu Mediterraneoan

Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeak dio sei adingabe daudela erreskatatutakoen artean

'Aita Mari'-k erreskatatutako ontzietako bat. JAVIER BERNARDO.
Iosu Alberdi.
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Aita Mari ontziak 69 lagun erreskatatu zituen atzo gauean Mediterraneo itsasoan. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi zuenez, orduak zeramatzaten noraezean, egurrezko bi ontzitan. Italiako Gobernuak Napolin porturatzeko agindu zien, nahiz eta hasieran Genovara bideratu nahi zituen, erreskatea egin zuten lekutik 965 kilometrora.

Tripulazioak aste hasieran ekin zion misioari, Burrianatik (Herrialde Katalanak) Mediterraneorantz abiatuta, eta handik lau egunera egin dute lehenengo erreskatea. Atzo azaldu zutenez, hemezortzi lagun erreskatatu zituzten ontzi batetik, eta 51 beste batetik. Gehienak gizonezkoak ziren, baina azaldu zuten artatu zituztenen artean bost emakume eta sei adingabe zeudela. «Siriatik, Egiptotik eta Bangladeshtik ihes egin behar izan duen» jendea zegoen ontzian, eurek azaldu zutenez. Gehitu zuten erreskatatutako hainbat lagunek «trauma psikologikoak» zituztela noraezean pasatu zuten denboraren ondorioz. Horiek artatu zituen ontziko sorospen taldeak.

Italiaren jarrera ere gogor kritikatu zuten, esanez Genovan porturatzeko agindua nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa zela, hark gertuen dagoen portura bidaltzeko agintzen baitu. Are gehiago, atzo goizean salatu zuten inoiz ez zaiola hain urrun porturatzeko agindu halako itsasontzi bati. Horiek hala, Simon Vidal ontziko kapitainak azaldu zuen bide «arriskutsua» dutela aurrean: «Bi metro eta erditik gorako olatuei aurre egin behar diegu, 33 korapilotik gorako abiadurako haizearekin». Jarraian, Italiak iritzia aldatu zuen, eta Napolin porturatzeko agindu.

Hirugarren misioa

Ontziak aurten egin duen hirugarren misioa da martxan duena; ia hirurehun pertsona erreskatatu zituzten, eta beste 162 lagundu. Guztira, ontzia beste hamar aldiz aritu da erreskate lanetan.

Misio andana egin badituzte ere, zenbait estatuk —tartean Italiakoak— hainbat oztopo jartzen dizkiete gisa horretako egitasmoei. Izan ere, Italiak atzo izandako jarrera ez da salbuespena, beste erreskateetan ere urrun dauden portuak esleitu izan baitizkiote Aita Mari-ri. Erreskate taldeak behin eta berriz gogoratu du gobernuek nahita esleitzen dituztela urrun dauden portuak, horrela ontziek denbora askoz utzi behar dutelako salbamendu eremua. Baina horrek gastu handiagoa eragiten die. Salaketa horien harira, gobernuek diote portuetara iristen diren migratzaileen kopuruak eragiten duen presioa arintzeko estrategia bat baino ez dela.

2018tik martxan da Aita Mari eskifaia; bost urteotan, 1.000 lagun baino gehiago erreskatatu ditu. Gaur egun, hamahiru lagunek osatzen dute taldea: zortzi profesionalek eta bost boluntariok. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak kudeatzen du ontzia, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.