Oier neba jaioberriarekin eta aitarekin irten da kalera Elene, baina bizilagun guztiek ama dute ahotan: nolatan geratu den etxean haurra «bakarrik» utzita, nork zainduko dituen umeak… aita seme-alabez arduratu ezingo balitz bezala. Julen Gabiria idazleari benetan gertatutakoetatik jaio zen Nire aita ikusezina da liburuaren pasarte hori: «Gertatu izan zait alaba janztea, nik aukeratutako arropekin, eta norbaitek esatea amak oso polit jantzi duela, baina, aldiz, aitak ez dizkiola mukiak ondo garbitu. Txikikeriak dira, baina mendeetan zehar luzatutako egoeraren adierazleak dira».
Aitatasunaren gaia haur literaturan, «umorez eta exajeratuz» jorratu izana ez da kasualitatea:«Gizon batek ezin du liburu serio bat idatzi salatuz ez dutela aita moduan ikusten, benetan ikusezinak emakumeak direlako esparru guztietan». Izan ere, bikote heterosexualetan oraindik andreek kudeatzen eta gauzatzen dute seme-alaben hazkuntzaren eta etxeko lanen zati handiena. Baina gero eta gizon gehiagok agertu dute zaintzan parte hartzeko nahia, eta aitatasunaren bidez bestelako gizontasun eredua eraikitzekoa. «Askapenaz» mintzatu da Edu Portilla, On:giz berdintasunaren aldeko taldeko kidea: «Ekoizlearen roletik aldentzea dakar, eta hazkuntzaren, maitasunaren eta sentimenduen arloan sartzea».
Gurasotasuna ikasi egiten dela dio Portillak. Amek zein aitek ikasten dute: «Umea jaiotzen denean, inor ez da aditua; gaitasun hori garatu egiten da. Arazoa da legeek eta instituzioek ez dituztela garapen horretarako baliabide berdinak jartzen: amatasun baimena hamasei astekoa da, eta aitatasun baimena bikoa». Gabiriak erantsi du bi asteok laburrak direla, eta ez direla nahikoak umeekin harremana sortzeko: «Hamabost egun horietan paperak egiten ibiltzen gara gizonak».
Umea jaio osteko aste horiek, ordea, funtsezkoak dira bikotekideen rolak definitzeko. Areago, genero rol tradizionalak indar daitezkeela azaldu du Itziar Alonso Albiol EHUko Ebaluazio Psikologikoko irakasleak: «Haurra jaio aurretik etxeko lanak erdibana egin arren, zaintzarekin deskonpentsazioa gerta daiteke, ordutegi jakin bat dakarrelako, eta zama handiagoa. Bikotekideetako batek umea jaio aurreko lan ordutegiarekin eta bizi erritmoarekin jarraitzen badu, ezingo du zaintzaren ardura hartu».
Guraso izateko, uko egin
Ardura hori nork hartuko duen erabakitzean, aldagai ekonomikoak izaten dira tartean: zein bikotekidek duen soldata txikiena, noren lantokian jarriko dituzten lanaldia murrizteko erraztasun gehiago, nork duen lan ibilbidea garatzeko aukera txikiagoa... Baina elementu soziala ere badago, psikologoaren ustez: «Zer da guraso izatea bizitza egitasmoan? Emakumeak hazi dira ama izatea proiektu garrantzitsuena dela barneratuz, biologikoki ere sen berezia dutela pentsatuz».
Bat dator Portilla, amatasuna andreen bizitzaren erdigunean kokatzeko joera hori gizarteak bultzatua dela: «Sistema kapitalistak ekoizten nahi gaitu gizonak. Emakumeen lan merkaturatzea handitu da, baina aldi berean amatasuna naturalizatu egin da». Sistema horrek aldentzen ditu gizonak aitatasunetik. Hala onartu du Gabiriak, aita izan aurretik besoetan oso jaioberri gutxi hartu zituela ohartuta: «Irakatsi digute gizonok ezin dugula samurtasunik izan, eta ez gaudela prest umeak zaintzeko. Horren atzean dago ezin diegula gauza batzuei uko egin, denbora eskaini».
Izan ere, gizontasun eredu patriarkala dagoen bezala, aitatasun eredu patriarkala ere badela esan du Portillak: «Aitari autoritatearen betebeharra egokitu izan zaio beti; emozioen eta maitasunaren arloan ama egon izan da. Deseraikitze lan sakona egin behar dugu hor». Aitatasun arduratsua ez datza asteburuetan haurrak kirola egitera eramatean, baizik eta «seme-alaben bizitza osoan parte hartzean; eskolara, parkera, pediatrarenera joatean».
Portillak nabarmendu du bi gurasoek egon behar dutela presente umearen garapenaren alor guztietan: «Biek autonomo izan behar dute. Aitak ere jakin behar du edozein egoeratan erantzuten, osasun segurtasuna bermatzen, haurra janzten, elikatzen...». Berretsi du zaintza eta gainerako ardurak banatzeak askatasuna dakarrela, batez ere andreentzat: «Oso gauza gutxik dute sexua: erditzeak eta edoskitzeak. Salbuespenokin, amak bizitza soziala egin dezake, umearen beharren menpe egon gabe, aita ere hor delako».
Bikote harremanean ere asetasun handiagoa dakar aitak parte hartzeak. Alonsok azaldu du umeak jaio osteko lehen hilabeteetan bikotekide rola alboratu egiten dutela aita-amek, haurrek bereganatzen dutelako denbora eta arreta guztia. «Gurasotasunak une atseginak eta ez hain atseginak ditu. Dena banatuz gero, zama arintzen da, gehiago gozatzen dira gozatu beharreko uneak, eta asebetetze maila handitzen da, laguntza instrumentala dagoelako. Bikote rola berrosatzeko denbora gehiago ere egongo da».
Eta umeentzat ere onuragarria da. Buru osasunaren alorraz mintzatu da Alonso: «Psikologikoki babesgarria da lotura afektibo osasuntsua eta egonkorra izatea. Atxikimendua gehienetan amarekin aztertu izan da, baina badakigu aitarekin ere izan dezakeela haurrak lotura berezi hori».
Denbora, giltzarri
Atxikimendu hori umearen bizitzaren lehen urte eta erdian garatzen dela azaldu du Alonsok. Hartara, denbora giltzarri da harremana garatzeko, seme-alabak ezagutzeko aukera ematen dielako gurasoei. «Haurra txikia denean, zerbait egiten duela aurkitzeak prozesu inportante bateko partaide sentiarazten zaitu. Lekuko izateak ilusioa egiten du, bertan egotearen dimentsioa ematen du, eta lotura areagotzen du». Areago, «komunikazio pribilegiatua» garatzen dela erantsi du: «Adibidez, negar motaren bidez umeak zer adierazi nahi duen jakitean datza. Aditu izatea dakar hori dekodetzeak; lekukotasunaren eta aktibotasunaren ondorioa da, eta estresa murrizten du, frogatzen dizulako hazkuntza aurrera eramateko gai zarela».
Portilla eta Gabiria, biak ala biak jabetu dira denboraren garrantziaz. On:gizeko kideak hiru seme ditu: «Haurrak jaio zirenetik, ez nire emazteak ez nik ez dugu inoiz zortzi orduko lanaldirik izan; biok murriztu dugu, eta lanik izan ez dugun garaiak umeekin egoteko aprobetxatu ditugu». Idazleak ere gutxituta dauzka lan orduak: zazpi ordu egiten ditu, bost lantokian eta bi etxean. «Goitik eta behetik murriztu nuen, goizetan bi alabak autobusera eraman eta arratsaldeetan hartu ahal izateko, eta haiekin egoteko tartea edukitzeko».
Parkean, ordea, oraindik ere andreak nagusi direla baieztatu du Gabiriak. Aiten aldetik, baina, ez du ikusten gizontasun eredua aldatzeko jarrerarik. Pasadizo bat ekarri du gogora: «Aita bati alaba etorri zitzaion panpinarekin: arropa kendua zion, eta janzten laguntzeko eskatu zion; gizonak erantzun zion alde egiteko, eta niri esan zidan halakoak maritxukeriak zirela. Zer irabazten duzu horrekin, eta zer galtzen?». Gaineratu du jolasa ekintza soila baino gehiago dela: «Jolasa konfiantza hartzea da, haurrak identifikatzen duelako norekin egon daitekeen. Ez dakidana da hemendik 15-20 urtera zein eragin izango duen horrek: izango da nire alabek arazo bat dutenean niregana etortzea?».
Baietz uste du Portillak, emaitzak inguruan ikusi dituelako: «Hazkuntzan parte hartu duten aitek oso lotura handia dute seme-alabekin». Halere, bi gizonek berretsi dute aitei ere aditu bihurtzeko baliabideak eman behar zaizkiela. Horregatik txalotu dute PPIINA plataforma sustatzen ari den erreforma. Gabiriak ez du ulertzen zergatik gizonak eta legeak ez diren egokitu andreen lan merkaturatzeak ekarritako aldaketetara: «Gizon bati lau hilabeteko baimena emanez gero, familia egituran sartuko da, umearekiko harremanean, emozioen munduan... eta horrek ekarriko luke eredua aldatzea. Legeak gizonentzako aukera gehiago ahalbidetuko balitu, seguru nago gizontasunaren gaineko kontzientzia hartuko luketela».
Aitatasunak gizonduta
Gizonezkoek seme-alaben zaintzan eta hazkuntzan gehiago parte hartzeak maskulinitate eredua alda dezakeela diote adituek. Bikotearen orekan eta haurren osasunean ere onurak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu