Frantziako Poliziak, Espainiako Poliziaren laguntzaz, Aitor Zubillaga Zurutuza (Legazpi, Gipuzkoa, 1977) atxilotu du gaur arratsaldean Saran, Lapurdin. Hala jakinarazi du Espainiako Barne Ministerioak.
Ministerioaren arabera, Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatua zuen hura atxilotzeko euroagindua.
2008an atxilotu zuten Zubillaga, abuztuaren 25ean, etxean. 24 orduren buruan aske utzi zuten, baina euroaginduaren notifikazioa eman zioten. Espainiako Auzitegi Nazionalak kale erasoetan parte hartu izana leporatu zion orduan, baina absolbitu egin zuten.
2009ko martxoan berriro atxilotu zuten, Espainiako nortasun agiria ateratzera zihoanean, bere aurkako bilatze eta atxilotze agindua dagoela egotzita. Euroagindu eskaeraz gain, beste prozedura bat zuen irekia Zubillagak, eta hori dela-eta atxilotu zuten.
Astelehenean, Aranalde eta Atorrasagasti
Asteon atxilotutako hirugarren euskal herritarra da Zubillaga. Frantziako Poliziak astelehenean atxilotu zituen Jokin Aranalde EIPK-ko mintzaidea eta Beñat Atorrasagasti; Aranalde Heletan (Nafarroa Beherea) eta Atorrasagasti Urruñan (Lapurdi). Espainiako Poliziarekin burutu zituzten atxiloketak, eta Heletan, polizia batzuek aurpegia estalita zeramaten.
Jokin Aranalde eta Beñat Atorrasagasti euskal iheslari politikoak behin-behinean libre utzi ditu Paueko auzitegiak, bakoitzari euroagindu eskari bana jakinarazi ondotik. Epaileak uztailaren 9rako finkatu du euroagindu eskariak aztertzeko auzia.