Aitortzaren aringarria baino ez diote onartu Rebeca Huaytaren hiltzaileari

Akusatuak onartu bezala, herri epaimahaiak ebatzi du emakumea hiltzearen eta hari tratu txarrak ematearen errudun dela gizona. 2022ko abenduan izan zen hilketa, Bilboko taberna batean.

Akusatuak lehen unetik onartu du Rebeca Huayta hil zuela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Akusatuak lehen unetik onartu du Rebeca Huayta hil zuela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko apirilaren 12a
18:39
Entzun

Rebeca Huayta hiltzearen eta hari tratu txarrak ematearen erruduntzat jo dute bikotekide zuen gizona. Asteon epaitu dute Bizkaiko Lurralde Auzitegian, eta gaur irakurri du ebazpena herri epaimahaiaren bozeramaile batek, ordu gutxiko gogoeta tartearen ondoren. Izan ere, nahiko argi egon da kasua hasieratik, epaiketaren lehen egunean bi delituen egilea zela onartu baitzuen akusatuak. Aringarrien ingurukoak baino ez ziren zalantzak: aitortzarena onartu diote, baina ez alkoholismoaren ondorioz bere buruaren jabe ez izatearena, ezta biktimaren familiari kalte ordaina pagatuz mina konpontzearena ere. Magistratuak erabakiko du zenbatekoa den zigorra.

2022ko abenduaren 28ko goizaldean gertatu zen hilketa, Bilboko San Frantzisko auzoan, biktimak lantoki zuen tabernan. 45 urte zituen emakumeak, eta 44 gizonak; biak Boliviakoak ziren jatorriz. Bikote harremana zuten, eta elkarrekin bizi ziren. Fiskaltzaren eta akusazioen arabera, «menderatze eta kontrol erlazio bat» zen, eta andreak moztu nahi izan zuenean hil zuen akusatuak.

Ankerkeriaz aritu zen

Delituen egiletzari buruzko zalantzarik ez da izan epaiketan, eta delitu moldeari buruzkoak atzo ebatzi ziren. Fiskalaren, akusazio partikularraren —familia— eta herri akusazioen —Bilboko Udala eta Clara Campoamor elkartea— ustez, hilketa bat izan zen, akusatua azpikeriaz eta ankerkeriaz aritu zelako; hau da, biktimak ez zuelako bere burua defendatzeko ia aukerarik izan, eta «beharrezkoa ez zen sufrimendua» eragin ziolako erasotzaileak. Defentsak, ordea, giza hilketatzat hartu zuen hasieran, baina delituaren kalifikazioa aldatu zuen azken saioan, akusatua ankerkeriaz aritu zela onartu baitzuen.

Izan ere, epaiketan deklaratu duten perituek argi utzi dute krudelkeriaz hil zuela Huayta: lurrera bota zuen, kolpeak eta ukabilkadak eman zizkion; aizto batez sastakatu zuen buruan, lepoan eta sabelaldean, eta kristalezko objektu apurtu batekin eraso zion aurpegian; eta eskuekin itotzen ere saiatu zen. Forentseek «hamazortzi zauri larri» atzeman zituzten gorpuan, baita zauri arinagoak eta ubelduak ere. Ordubete baino gehiago iraun zuen erasoak, eta odolustuta hil zen emakumea.

Hala, herri epaimahaiak ere hilketa delituaren erruduntzat jo du, eta frogatutzat jo du biktimak ezin izan zuela bere burua defendatu eta haren mina «deliberatuki» areagotu zuela hiltzaileak. Gainera, ontzat jo ditu ahaidetasunaren eta genero aldagaiaren larrigarriak. Ohiko tratu txarren delituan ere errudun jo du. Aho batez hartu dituzte erabakiok epaimahaiko bederatzi kideek.

Kalte ordainak, aringarririk ez

Aringarrien alorrean, berriz, herri epaimahaiak ez du frogatutzat jo alkoholaren kontsumoak akusatuaren gaitasunetan eragin zuenik. Kalte ordain ekonomikoen bidez mina konpontzeari dagokionez, hori ere ez dute onartu, biktimaren alabari egindako ordainketak «ez-nahikoak» direlakoan. Aldiz, aitortzaren aringarria onartu egin dute, Poliziara deitzeko «denbora behar izan zuen arren»; epaimahaiko bost kidek egin dute horren alde, eta lauk kontra. Izan ere, epaiketan deklaratutako lekuko batek azaldu du akusatuak deitu ziola eskatuz «taberna garbitzen laguntzeko», eta hark esan ziola Poliziari abisatzeko; hori dela eta, fiskalak eta akusazioek argudiatu dute ez zela bere kabuz aritu, baizik lagunak bultzatuta.

Erabaki horien arabera egin dituzte azken zigor eskaerak aldeek. Fiskalak eta akusazioek hasierakoari eutsi diote: 28 urteko kartzelaldia galdegin dute, 25 urte hilketagatik eta hiru urte ohiko tratu txarrengatik. Defentsak, berriz, hilketagatik hogei urte eta tratu txarrengatik hamazortzi hilabete eskatu ditu; atzo, aringarriak kontuan hartuta, hamalau urteko zigorra galdegin zuen. Magistratuak dauka horri buruzko azken hitza; datozen egunotan emango du epaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.