EUSKAL HERRIA

Aitziber Berrueta: "Nori egiten dio enbarazu plakak?"

Donibanen, auzokideek Angel Berrueta oroitzeko plaka ipini zuten atzo, baina bart gauean Iruñeko udaltzainek kendu egin dute.

joxerra senar
2014ko martxoaren 15a
10:48
Entzun

Donibaneko auzokideek jarritako plaka kendu zuten Iruñeko udaltzainek goizaldean. Bizilagunek salatu dutenez eta Iruñeko Udalak BERRIAri baieztatu dionez, Udaltzaingoa izan da plaka kendu duena. Edu Perez plataformako eledunak salatu du plaka ostea izan dela herritarrek Berruetari eginiko omenaldiari emandako "lehen erantzuna". Angel Gogoan taldeak urgentziazko agerraldi bat egin du eta bertan Aitziber Berrueta alabak hitz egin du: "Arrazoia ematen ari zaizkigu. Plakak zioen 'Angel Berrueta gogoan'. Ez zioen ez polizia batek hil zuen ez beste ezer. Nori egiten dio enbarazu? Ezin dut ulertu".

San Juan Xar elkartean egin dute agerraldia eta ez Martin Azpilkueta kalean, plaka jarri zen tokian. Espainiako Gobernu Ordezkaritzak hogei pertsona baino gehiago izateagatik isunak jarriko ote zituen beldur ziren prentsaurrekoaren deitzaileak. Bertan, Aitziber Berruetak gogora ekarri du errepidean edo mendian hiltzen den pertsonen oroimenean orotariko ikurrak jartzen direla. "Hori dena errespetatzen da eta ez da kentzen. Zergatik nire aitari plaka kentzen zaio? Hori da galdera: Zergatik? Erantzunaren zain nago". Udalak ez du erantzunik eman zergatiaz.

Angel Gogoan plataformak onartu du horrelako ekintza bat espero zutela, baina "ez hain azkar". "Hamargarren urteurrena hain fresko izaki, uste genuen ez zutela hain larru gorria izango". Hala ere, egin dute Simon Santamaria buru duten udaltzainek. Plataformaren arabera, "onartezina" da jarrera hori.

Mari Karmen Mañas alargunak ere gogoan izan du Parlamentuan atzo Angel Berruetaren aldeko ekitaldi ofizialik noiz egingo ote zen galdetu zela mozio bidez eta Javier Morras Barne kontseilariak erantzun zuen ez zutela egingo. "Ikusten dugu bi biktima mota daudela. Batzuen ustez gu bigarren mailakoak gara, nahiz eta gizartearentzat lehen mailakoak izan. Eta gero daude eurei interesatzen zaizkien biktimak", adierazi du Mañasek.

Sendiaren zein plataformaren arabera, Angel Berruetaren memoriari eraso eginda "indarkeria politikoaren biktima guztiei egiten zaie mespretxu".Datozen egunetan, elkarrizketak abiatuko dituzte talde politikoekin "egoera honi behingoz buelta emateko. Espero dugu herritarren nahiari kasu egitea eta ez gaitzatela berriz huts egin".

Agerraldiaren aurretik, besteak beste, Patxi Zabaleta Aralar-Nabaiko parlamentariak salatu du plaka kendu izana.

Urtero legez, atzo omenaldia

"Zer esaldi polita izan duzuen nire aitarentzat: Erraza izan zen zu maitatzea eta ezinezkoa zu ahaztea... Horrelako gauzekin lortzen duzue gure mina zertxobait arintzea". Aitor Berruetak malko artean eta nekez amaitu zuen esaldia, baina ezintasun horrek eta haren hitzek laburbildu zuten zer bizi izan duen sendiak. Atzo bete ziren hamar urte Espainiako polizia batek eta haren semeak Angel Berrueta hil zutenetik, baina oraindik Iruñeko Udalean UPN, PSN eta PP ez dira gai haren alde plaka bat jartzeko onartzeko. Eurek egin ez zutena egin zuten atzo Donibaneko auzokideek. Angel Berrueta Legaz gogoan zioen plaka bat jarri zuten hil zuten tokian, auzoan. Ekintza sinboliko horren bidez, ez dituzte ahantzi nahi ez Berrueta, ez Kontxi Sanchiz, 2004ko martxoaren 14an Hernanin ertzainen oldarraldi batean ostean bihotzekoak jota hildako emakumea.

Urtero legez, omenaldia egin zuten Iruñeko Martin Azpilkueta kalean, eta ehunka herritar azaldu ziren. Egia aitortu zioen kartelaren azpian Berruetaren alarguna eta seme-alabak zein Kontxi Sanchizen senideak jarri ziren. Maialen Diazek gidatu zuen omenaldia, eta sorrerako hitzetan 2004ko egun haiek ekarri zituen gogora. Madrilgo atentatu osteko intoxikazio kanpainak "interes politiko zehatzen zerbitzura" erabiltzea bilatzen zuen. "Eguna normaltasunez hasi zen auzoan, ohiko larunbat baten modura, baina 13:00etatik aurrera etorri zen amesgaiztoa: Angel Berrueta okina hil egin zuten".

Diazen ustez, hasieratik hilketari "bigarren mailako trataera" eman zioten alderdi batzuek zein Nafarroako erakunde ofizialek. "Logika guztien aurka, babes faltaren abiapuntua izan zen hura". Lehen orduetako oldarraldiak eta ondorengo urteetan auzokideek zein sendiak jasandako erasoak azpimarratu zituen.

Donibane auzoko bizilagunek eta, oro har, euskal herritarrek emandako erantzuna jarri zuen kontrapuntu gisa. Atzoko omenaldia zen horren lekuko. Auzoko abesbatzak Xalbadorren heriotzean abestu ondotik, lore eskaintza ezin zieten auzokideek Berruetaren eta Sanchizen senideei. Jorge Chocarro auzoko presoaren gutuna ere irakurri zuten: "Hitzok balio dezatela indarra emateko Angel Berruetaren eta Kontxi Sanchizen sendiei. Begiratu ingurura Mari Karmen [Berruetaren alarguna], inguruan dituzunei. Hor ez dauden politikariek ea nola azaltzen dizuten memoriaren eta ordainaren kontu hori. Memoria eta ordaina egon daitezela, baina justiziarekin eta hitz hutsalik erabili gabe. Eta posible bada, duintasun irakaspenik eman gabe".

Jose Miguel Olza duela hamar urte Gurasoak elkarteko kide zen, eta gogora ekarri zuen Berrueta Gurasoak elkarteko kide zelako jo zuela poliziaren emazteak okindegira ETA ez zioen kartela jarri nahirik. "Ez zuen auzoko beste denda batera jo, Angelen okindegira baizik". Gertaera hura izan zen hilketaren abiapuntua. Olza, gero, bere lagunari zuzendu zitzaion, hitz soilez: "Hamar urteotan egoera argitu egin da. Bi aukera daude zehaztuta: batetik, herri honetan sufrimendurik egon ez dadin eta denok aukera berdintasunean egon gaitezen atsedenik gabe lan egiten dutenak; bestetik, urte luzez aurreko egoeraz kexatzen ibili zirenak orain ematen du faltan botatzen dutela eta ez dutela arazoa konpontzerik nahi".

Angel Gogoan plataformako Inder Bhatti-k salatu du iragan astean UPN, PP eta PSN gutxienekoa betetzeko gai ez izatea eta Berruetaren memoriaren aldeko plakarik ere ez onartzea. Plataformaren ustez, "ordua da arduradun politikoek herritarrek exijitzen dutena aitortzeko: egia, aitortza eta ordaina indarkeria politikoak eragindako biktima guztiei, bazterketarik gabe". Bhattik adierazi du lanean jarraituko dutela "biolentzia politikoaren biktima batzuk instituzioetatik merezi duten errespetua jaso arte".

Berruetaren ilobak aurreskua dantzatu die senideei, eta plakaren azpian loreak jarri dituzte, Berrueta eta Sanchiz gogoratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.