Akademiak hezkuntza elebiduna orokortzea nahi du Biga Baik

Euskaraz ikasi nahi dutenen eskubidea bermatzeko hori da tresna eraginkorrena, elkartearen esanetan

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Egiazko euskararen eta euskarazko irakaskuntza sustatu nahi bada, eskaintza orokortu behar da, Biga Bai eskola elebidun publikoko gurasoen elkarteak dioenez. Heldu den eskola sartzea dela eta, arrangura sakona jakinarazi du, batetik ez delako eskola elebidunik sortuko, eta, bertze aldetik, Paueko Akademia Ikuskaritzak lanpostu ugari kenduko dituelako. Irakasle lanpostuak eta zailtasunak dituzten haurrentzako Rased lanpostuak kenduko dituzte. Zuberoako lau eskolatan okupazioak egin dituzte gurasoei elkartasuna helarazteko.

Urteko Biltzar Nagusiaren ondotik egindako lanaren bilduma baikorra egin du Biga Baik. Bost ardatz nagusi nabarmendu zituen Evelyne Mourguy Capelier Biga Bai elkarteko presidenteak. Ikastetxeetan ordezkatuak egotea lortu dute eta hezkuntza elebiduna garatzeko bilkurak dituzte bai bertze eskola elebidunetako gurasoekin, guraso gaiekin eta irakasleekin. Gurasoei begira, informazio kanpainak garatu ahal izan dituzte.

Horrez gain, eskolaz kanpoko jardunak garatzeko hitzarmenak finkatu dituzte, Uda Leku bezalako elkarteekin. Egitasmoen atalean, testu liburu elebiduna argitaratu nahi dute. Eskola arteko harremanak garatzeko asmoz, Anton Abadiaren urratsei segika izeneko topaketak antolatuko dituzte martxoaren 15ean Angelun (Lapurdi) eta apirilaren 5ean Larresoron (Lapurdi). Euskaraz izanen dira osoki.

Deiadar

Euskararen ofizialtasuna eta haren aldeko lege eraginkorra eskatzeko, Biga Baik martxoaren 31rako Deiadar manifestaziora deitu ditu eskola publikoko gurasoak, Baionan. «Euskara ofiziala bada, eskola publikoak ere kontuan hartu beharko du eta bertze eredu batzuk garatzeko parada ukanen dugu», erran du Mourguy Capelierek. Nabarmendu zuen ez dutela harreman handirik Euskararen Erakunde Publikoarekin, eta hitzartze eza leporatu dio hari. Eskola elebidunak irekitzeko lanetan kontuan ez dituztela hartzen gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.