Akordio bila erabakitzeko eskubidearen inguruan

Ezker abertzaleak dei egin die EAJ, PSE-PSN eta Geroa Bairi, gutxieneko akordiorako bidean lan egitera

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
«Larrialdi politiko, ekonomiko eta sozialeko egoera» da hau, ezker abertzalearen ustez, eta ezinbestekotzat jotzen du erabakitzeko eskubidearen inguruan gutxieneko akordio bat lortzea. Horretarako deia egin die, beraz, EAJri, PSE-PSNri eta Geroa Bairi. Elkarrizketak hasi nahi dituzte, eta jakin badakiten arren hauteskunde giroan halakoak egitea zaila dela, eskaera luzera begirakoa dela nabarmendu du Pernando Barrena bozeramaileak. «Denon artean hitz egin eta akordio bat lortzea da helburua, bide orri bat zehazteko».

Maribi Ugartebururekin batera eman zuen prentsaurrekoa Barrenak atzo, Donostian. Beste behin, ezker abertzalearen «elkarlanerako borondate osoa» agertu zuten, «herri gisa aitorpena eta determinazio librea defendatzeko prest dauden guztiekin eskutik aritzeko».

Espainian indarrean dagoen eredu autonomikoa aldatu egingo dela ez dauka zalantzarik ezker abertzaleak, «eredu autonomikoak eta ekonomikoak porrot egin dutelako». Hori dela eta, bi helburu izango ditu Espainiako Gobernuak, ezker abertzalearen irudiko: «Arazo nazionaltzat jotzen direnak beste eredu baten barruan neutralizatzea», batetik, eta «krisi ekonomikoa baliatzea ongizate estatua indargabetzeko», bestetik.

Hala, bada, «herri gisa» landutako proposamen bat edukitzea nahi du ezker abertzaleak. Erabakitzeko eskubidea lortzeko proposamena da beren helburua, Barrenaren eta Ugartebururen arabera, bai Euskal Herriarentzat, bai Herrialde Katalanentzat eta baita Galiziarentzat ere. Behin erabakitzeko eskubidea onartuta, alderdi bakoitzak bere proiektua defendatu dezan, dela autonomia, del federalismoa, independentzia edo beste zerbait.

Ezker abertzalearen helburua estatu librea dela berretsi dute, eta ziur daude, Katalunian bezala Euskal Herrian ere, gehiengoak bil ditzakeela hautu horrek. Gainera, nabarmendu dute, beraiek ez direla nor Espainiaren lurralde eredu edo eredu ekonomikoa erabakitzeko; Euskal Herriarena erabaki nahi dutela zehaztu dute.

Testuinguru horretan, EAJ izaten ari den jarrera salatu du ezker abertzaleak: «Konfrontazio demokratikorako tarte honetan, prest dago Espainiako Estatuaren interesen makulu izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.