Akordioetarako besoa luzatuta jarraitzen duela berretsi du hauteskundeak igarota EH Bildu koalizioak. Laura Mintegi hautagaiak bozen emaitzei buruz hitz egin du agerraldi batean gaur Donostian. Itunak lortu beharraz aritu da behin eta berriro, bereziki EAJ aipatuta. Jakinarazi du Iñigo Urkullu EAJren hautagairekin hitz egin duela dagoeneko, eta "aurki" bilera bat egitekotan geratu direla.
EH Bildurenak "emaitza onak eta indartsuak" izan direla adierazi du Mintegik. 21 parlamentari lortu ditu, eta horiekin batera agertu da Miramar jauregira (batek ezin izan du agertu). Mintegik ez du, ordea, herrialdez herrialdeko baloraziorik egin. Gipuzkoako emaitzei buruz behin eta berriro galdetu diote kazetariek, alde estuz irabazi baitiote EAJri. "Gogoeta egin behar dugu", erantzun du Mintegik. Koalizioarenak ez ezik gainerako alderdien emaitzak ere aztertuko dituztela azaldu du, eta herriz herrikoak ere bai.
PSE-EEren eta PPren emaitzei buruzko balorazioa, bai, egin du. "Porrot egin dute. Agerian geratu da autonomiaren bideraketa sumisoak ez duela emaitza onik eman". Gehiengo abertzalea izango du Eusko Legebiltzarrak, eta hori oso kontuan hartu behar dela esan du. "Erantzun ozena izan da: abertzalea da parlamentuko gehiengoa". EH Bilduk erabakitzeko eskubidea parlamentura eramango duela berretsi du. "Aldaketaren mesedetan erabiliko ditugu botoak".