Bilbo-Basauri eta Alonsotegi-Barakaldo arteko trenbideen kudeaketa eta AP-1 autobidearen Arabako zatiaren kudeaketa eskualdatzeari buruzko bilera tekniko bat egin dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Bideokonferentzia bidez, bi ordu eta erdiz batzartu dira; Jaurlaritzaren izenean, Sabino Torre Erregimen Juridikorako sailburuordea, Antonio Aiz Garraio sailburuordea, Itziar Agirre Ogasun sailburuordea eta Begoña Perez Eulate Estatutuaren Garapenerako zuzendariak hartu dute parte.
Eskualdatzeko eskumenik "errazenak" zirelakoan adostu zuten bi trenbide zatiak eta A-1 autobidearen kudeaketa izango zirela Jaurlaritzak jasoko zituen lehen eskuduntzak. Bilera, ordea, akordiorik gabe amaitu da, Jaurlaritzako iturriek zabaldu dutenez. Hala ere, bi gobernuetako ordezkariak prest azaldu dira lanean jarraitzeko, ados jartze aldera.
Espainiako Gobernuak, aldiz, uste du “mamian ados” daudela eta zerbitzuen kostuan dituztela “distantzia batzuk”. Halere, Madrilek espero du bi gobernuak “datozen egunetan” elkartzea berriro.
Asteartean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ohartarazi zuen "desadostasunak" daudela Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean eskumenen eskualdatzeari dagokionez. Andoni Ortuzar EAJko EBBko buruak, berriz, esan zuen "kezka handia" duela, Espainiako Gobernuak "pasibotasunarekin eta zehaztasunik eta txerarik gabe" jardun duelako Jaurlaritzarekin.