EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek akordio aukerak aztertzeko bilera egin dute, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. Hauteskunde autonomikoen ondoren, adostasunak bilatzeko egin duten bigarren bilera da. EH Bilduren izenean izan dira Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Unai Urruzuno eta Gari Mujika. Elkarrekin Podemosen ordezkaritza osatu dute Nagua Albak, Pili Zabalak, Lander Martinezek, Cristina Makazagak eta Jon Hernandezek. Bileraren ostean, adierazpenak egin dituzte Otegik eta Martinezek.
Arnaldo Otegiren hitzetan, hurrengo legealdiak "akordiotarako aukerak" zabalduko ditu eta Elkarrekin Podemosekin adostasunak egingarri direla deritzo, koalizioak nabarmendu dituen hiru alorretan: gizarte politikak, autogobernua, eta bakea eta bizikidetza. EH Bilduk hiru esparruei lotutako proposamen dokumentua helarazi dio Elkarrekin Podemosi eta honek idatzia "sakon" aztertuko duela iragarri du.
Martinezek garrantzia aitortu dio legebiltzarrean "gehiengo aurrerakoia" osatzen duten alderdiekin gaurkoaren moduko bilerak egiteari. EH Bilduren dokumentuari erantzuteko beste idatzi bat osatuko dutela iragarri du, eta PSE-EEri bilera baterako gonbitea luzatuko diola adierazi du. EH Bilduk ere PSE-EErekin bilera egiteko asmoa agertu du.
Martinez kezkatuta agertu da, ordea, haren iritziz, "gehiengo aurrerakoia" osatzen duten alderdiek arreta EAJrekin zabalik dituzten negoziaziotan jarria dutelako.
EH Bildu-EAJ
Otegik ez du aurreratu nahi izan EAJrekin izatekoa duten hurrengo bileratik zer espero duen. EH Bildu eta alderdi jeltzalea hurrengo astean bilduko direnaren baieztapenik ere ez duela adierazi du. EAJk koalizio independentistaren proposamenari erantzun zain daudela argitu du.
Otegik ez du itxitzat eman EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa izango denik. "Ez dakigu horrela den ala ez. Guk era naturalean eta koherentean jarraitzen dugu irekitako bidean".
EH Bilduko bozeramaileak gaineratu du, "herri akordioak" eta gobernabidea negoziazio esparru desberdinetan banandu daitezkeen arren, bien arteko koherentzia beharrezkoa dela. "Ezin duzu herri akordioen kontrako norabidean joango den gobernua abian jarri".