Islamaren eta Musulmanen Aldeko Taldeak —JNIM siglekin da ezaguna, Jama'at Nasr al-Islam wal Muslimin jatorrizko izenarengatik— zenbait irudi eta grabazio zabaldu ditu sare sozialetan, zuzenean lotzen dituztenak David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetarien kontrako setio, bahiketa eta hilketarekin.
Haiekin batera kazetari irlandar bat eta Burkina Fasoko segurtasun indarretako kide bat atzeman zituzten. Irlandarraren gorpuaren irudiak zabaldu zituzten atzo, baina baieztapen ofizialik ez da oraindik. Segurtasun indarretako kidea desagertuta dago oraindik ere.
JNIMek kazetariei lapurtutako materialaren irudiak zabaldu ditu: telefonoak, disko gogorrak eta kamerak ageri dira, besteak beste.
2017an sortu zen talde islamista, Al-Qaedaren banderapean, jihadeko zenbait taldek bat egin zutenean. Burkina Fason, Malin eta Nigerren aritzen dira batez ere. Hainbat pertsona bahitu izan ditu azken urteetan: batzuk, mendebaldarrak, eta besteak, inguruko soldaduak.
Irudiez gain, Beriainen eta Fraileren filmaketa taldeari nola eraso zioten esplikatzen duen audio bat ere zabaldu dute.
Hildako kazetariak film dokumental bat egiten ari ziren gobernuz kanpoko erakunde batekin, Burkina Fasoko parke naturaletako legez kanpoko ehizari buruz: erredaktore Beriain, kamerari Fraile. Legez kanpoko ehizaren kontrako patruila batekin zihoazen, eta, 09:00etan, talde armatu batek eraso egin zion patruila horri.