Burkina Faso. Bi kazetariren hilketa

Egia bilatzearen arriskua

David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak hilik topatu dituzte Burkina Fason. Haien taldeak eraso bat pairatu zuen herenegun. Legez kanpoko ehizari buruzko dokumental bat egiten ari ziren

David Beriain, Mexikon, Sinaloako karteleko kide batzuekin, Clandestino telebista saiorako hartutako irudi batean, 2017an. DMAX.
gotzon hermosilla
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Joan den astelehenean, talde armatu batek eraso egin zion 40 bat laguneko beste talde bati Burkina Fason, herrialde horren eta Beningo Errepublikaren arteko mugaldean dagoen parke natural batean. Hasieratik, Burkina Fasoko Gobernuak jakinarazi zuen lau lagun desagerturik zeudela eraso horren ondorioz. Atzo, Espainiako Atzerri ministro Arantxa Gonzalez Laiak eman zuen albiste lazgarria: desagertutako lau horietatik bi euskal kazetariak dira, Artaxoako (Nafarroa) David Beriain eta Barakaldoko (Bizkaia) Roberto Fraile, eta bi-bien gorpuak topatu dituzte.

Hildako kazetariak film dokumental bat egiten ari ziren gobernuz kanpoko erakunde batekin, Burkina Fasoko parke naturaletako legez kanpoko ehizari buruz: erredaktore Beriain, kamerari Fraile. Legez kanpoko ehizaren kontrako patruila batekin zihoazen, eta, 09:00etan, talde armatu batek eraso egin zion patruila horri.

Burkina Fasoko hedabideek adierazitakoaren arabera, erasoaren ondorioz, patruilan zihoazen hiru lagun zauritu ziren, eta arma eta material ugari lapurtu zieten: bi metrailadore, drone bat, hamabi motozikleta eta abar. Baina, horretaz gain, lau lagun ere desagertu ziren erasoak sorturiko anabasan: Beriain, Fraile, espedizioko kide irlandar bat eta Burkina Fasoko segurtasun indarretako kide bat.

Orduan gertatu zenaz ez dago informazio garbirik. Burkina Fasoko hedabide batzuen arabera, erasotzaileek hiru europarrak bahitu zituzten, eta gatibu zituztelarik hil zituzten. Beste batzuen arabera, aldiz, erasoa gertatu zen lekuan bertan zauriturik suertatu ziren, eta zauri horien ondorioz hil ziren. Hasieran, Espainiako albiste agentziek esan zuten ez zegoela irlandarraren inguruko informaziorik, baina, antza denez, haren gorpua ere agertu da bi euskal kazetarien hilotzekin batera.

Egileen inguruan ere ez dago informazio zehatzik, oraingoz. Oso eremu gatazkatsua da hori, eta, Gonzalez Laia ministroaren esanetan, «terroristak, isileko ehiztariak eta bidelapurrak» ibiltzen dira inguruan. Edonola ere, Burkina Fasoko Gobernuko Komunikazio ministro eta bozeramaile Ousseni Tambourak «terroristei» egotzi zien erasoaren ardura, «haien nortasuna oraindik zehaztu ez bada ere». Tambourak esan duenez, inguruak miatzen ari dira egileak aurkitzeko xedez.

«Luma eta kamera eskuan»

Kazetari elkarte ugarik protesta egin dute hilketa horien aurka. Kazetarien Euskal Elkargoa eta Euskal Kazetarien Elkartea batera agertu dira hilketak salatzeko, eta adierazi dute Beriain eta Fraile «luma eta kamera eskuetan zituztela» hil direla, «Afrikako herrialde horretako isileko ehizaren mundu iluna salatzen eta jakinarazten saiatzen ari ziren bitartean».

Hilketen egileak talde jihadistak edo isilpeko ehiztariak izan, kazetarien elkarteek argi dute «interes ekonomiko handiak» daudela talde horien atzean, eta, azken finean, horiexek izan direla Beriain eta Fraile hil izanaren arrazoia: «Horrek ideia batean berresten gaitu; alegia, informaziorik eta salaketa kazetaritzarik gabe ez dagoela askatasunik».

Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak nahigabea adierazi du hilketengatik: «Gaurkoa egun beltza da duintzen zuten lanbidearentzat». APIA Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkarteak, EITB taldeak eta beste elkarte eta hedabide batzuek ere bat egin dute doluan.

Kazetariek ez ezik, eragile politikoek ere atsekabea adierazi dute albistea jakindakoan. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «gaitzespenik erabatekoena» agertu du gertatutakoaren inguruan. Nafarroako Gobernuak ere doluminak bidali dizkie bi kazetarien senideei, eta esan du Espainiako Gobernuarekin harremanetan dagoela Beriainen gorpua ekar dezaten. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten indar politiko guztiek ere atsekabea azaldu dute; gehienek, sare sozialetan hedatutako mezuen bidez.

Europako Batasunaren Kanpo Politikarako ordezkari Josep Borrellek erasoa deitoratu du, eta «terroristei» leporatu die gertatutakoa. Espainiako Gobernuko zenbait kidek ere, Pedro Sanchez presidentea haien artean, doluminak helarazi dizkiete hildakoen senitartekoei, eta, adibidez, Gizarte Eskubideetarako ministro Ione Belarrak deitoratu egin du «giza eskubideekin konprometiturik zeuden bi kazetari ausart galdu izana».

Barakaldoko alkate Amaia del Campok bereziki gogoan izan ditu Fraile herrikidearen lagun eta senideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.