Ascension Badiola. Historialaria

«Alaba Sareko andreei ez zieten espioi estatusa ere aitortu nahi izan»

Hainbat emakumek 36ko gerran eta gerraostean eginiko erresistentzia eta, zehazki, espioitzan aritutako Alaba Sarea aipagai izan ditu Badiola historialari bilbotarrak, Gogora institutuak antolatutako jardunaldietan.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Frankismoaren lehen urteetan, lau emakumek ardaztu zuten Alaba Sarea: Bittori Etxeberriak, Itziar Mujikak, Delia Laurobak eta Tere Verdesek. Euskal Herriko kartzeletan preso zirenei sostengua eta laguntza emateaz gainera, komunikazio eta espioitza lanak egin zituzten erbesteko Eusko Jaurlaritzarentzat, Espainiak atxilotu zituen arte. Emakume horien eta beste «aktibista sozial eta politiko» askoren inguruan solastatu ziren atzo Bilbon, Gogora institutuak antolatutako Emakumeak eta gerra zibila jardunaldien barruan. Ascension Badiola historialaria (Bilbo, 1961) izan zen hizlarietako bat.

Euskal Herriko emakumeek kartzelen inguruan sortutako elkartasun sareez hitz egin duzu.

Bai, fenomeno bitxia izan zelako. Euskal Herriko kartzela frankistetan atxilotuta zeudenen zerrendak aztertuz gero, ia ez dugu Euskal Herriko emakumerik topatuko. 1936 eta 1939 bitartean bai, izan ziren bakan batzuk, baina horren ostean, urruntze politika ezarri zuen Francok: andreak beren herrietatik aldenduta, eduki zitzaketen lokarriak hautsi nahi izan zituen frankismoak. Etengabe lekualdatzen zituzten, gainera, deserrotze sentsazioa areagotzeko eta presoen arteko antolakuntza mota oro errotik erauzteko.

Nola bizi ziren Euskal Herriko kartzeletan preso zeuden emakumeak?

Tira, ez dago kartzela atseginik, eta frankismo garaian, are gutxiago, baina Zornotza, Saturraran eta Durangoko espetxeen kasua bereziki gogorra izan zen. Hiru horiek ikertu ditut nik, batez ere. Francok sortutako espetxe zirkuitu baten parte ziren. Zerrenda horretatik, Madrilgo Ventas espetxea izan zen famatuena; eta Malagakoa, berriz, krudelenetako bat, han esperimentu ugari egin baitzituzten, nazien erara, emakume marxisten «gen gorria» aurkitzeko. Bada, Bizkaikoak ere multzo berekoak ziren. Zornotzakoak, adibidez, ez zituen gutxieneko higiene eta osasun baldintzak ere betetzen: 1943. urtera arte, ez zuten dutxarik, arropa desinfektatzeko metodorik ere ez, eta emakumezko presoekin bizi ziren seme-alabak bata bestearen atzetik hiltzen ziren, pneumoniak, gastroenteritisak edota sukarrak jota.

Hitzaldian aipagai izan duzu Alaba Sarea. Zer izan zen?

1937. urtean osatu zuten sarea, Santoñan [Kantabria, Espainia] Eusko Jaurlaritzaren eta Italiaren arteko negoziazioak bertan behera gelditu zirenean. Presoei janaria, arropa eta botikak eramateko modu bat zen hasieran, baina itzalpeko informazio lanak ere egin zituzten erbesteko Eusko Jaurlaritzarentzat. Sare horretan berebiziko garrantzia izan zuten Bittori Etxeberriak, Itziar Mujikak, Delia Laurobak eta Tere Verdesek, baina, harrigarria dirudien arren, ez dira txosten eta agiri ofizialetan ageri. Josu Chueca historialariak dio «emakume ikusezinak» izan zirela, eta egia da.

Zergatik?

Funtsean, garai hartan nagusi zen emakumeekiko ikuspegi paternalistarengatik. Lau andre horiek gutxiesteko modu bat ere bazen, ez baitzieten espioi estatusa ere aitortu nahi. Espioia izatea gauza garrantzitsua zen, arrisku handikoa, eta Alaba Sareko lau emakumezkoak ez zituzten kategoria horretan sartu nahi.

Zergatik proposatu zieten sarean sartzea?

Profil egokia zutelako. Ez ziren susmagarriak, eta kartzeletan oharkabean pasatzen ziren. Informazioa toki batetik bestera eraman zezaketen zaindarien arreta berenganatu gabe. Ederki egin zuten lan hori, eta, pixkanaka-pixkanaka, ospe handiagoa lortu zuten elkartearen barruan. Gero eta lan garrantzitsuagoak eskatzen zizkieten. 1940. urtean, baina, lan hori eten egin zuen Francok, sare osoa desegin eta arduradunak atxilotuta.

Urte horietan ohikoa zen emakumeek umiliazioak eta zigor zentzagarriak pairatzea. Halakorik sufritu zuten Alaba Sareko lau andreek ere?

Gerraren bukaerako urteetan, umiliazioak eta bortxaketak oso ohikoak izan ziren, Nafarroan eta Gipuzkoan batez ere. Euskal Herriko emakumeak gerrako harrapakin gisa eskaini zizkien Francok soldadu marokoarrei. Hala ere, badirudi Alaba Sareko andreek ez zutela halakorik pairatu. Ez dugu, behintzat, hori ziurtatzeko moduko informaziorik. Horrekin ez dut esan nahi tratu goxoa jaso zutenik ere: Madrilera eraman zituzten, galdeketa luzeak egin zizkieten, eta nola edo hala hitz eginarazi zieten. Baina, nik dakidala, horren guztiaren gaineko informaziorik ez dago, eta emakumeek beraiek ez zuten inoiz ezer kontatu nahi izan. Dena dela, garai hartan, emakumeek nekez kontatzen zituzten halako erasoak eta umiliazioak. Hortaz, bortxatuak izan baziren, ez dugu inoiz jakinen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.