Yolanda Barcinak Nafarroa euroeskualdetik at uztea erabaki zuen, eta legealdi honetan egungo gobernuak bertan sartzea erabaki zuen. Gaur Barkosek eskertu egin du Akitania Berriko gobernuaren zein Eusko Jaularitzaren harrera ona. Azken urtean "lan emankorra" egin dela deritzo, eta behin Nafarroak euroeskualdearen lehendakaritza hartu duela, erronkari gogotsu eta "ilusioz" ekingo dio.
Iruñean, batzarra egin du euroeskualdeak. Bi urteotan bi berritasun handi izan dira. Batetik, 2014ko Frantziako lurralde erreforma eta gero, Limousin eta Poitou-Charentes eskualdeek bat egin zuten Akitaniarekin, eta eskualde berria 2016ko urtarrilean sartu zen indarrean. Bigarrenik, urte bereko martxoaren 18an, euroeskudealden sartu zen Nafarroa. Hala, gaur egun euroeskualdeak 101.678 kilometroko koadroko azalera du, eta 8,7 milioi herritar bizi dira bertan. Duela bi urteko datuen arabera, 3,5 milioi enplegu eta ia milioi enpresa berri daude.
"Europarrak gara, eta europazaleak", nabarmendu du Iñigo Urkulluk. Bere ustez, euroeskualdeak etorkizuneko erronkei hobeto erantzuteko aukera ematen die hiru lurraldeei, eta "beti Europaren alde, Europa areagotzearen alde". Lurraldeen arteko elkarlana hobetzerakon lau esparru nabarmendu ditu: kulturaren ezagutze, berrikuntza, garraioa eta ingurumena eta gobernantza. Erronken artean, berriz, daude Brexit-a, errefuxiatuen krisia, aldaketa klimatikoa, globalizazioa, xenofobia...
Alain Roussetek etorkizuneko erronken artean, aldaketa klimatikoarena nabarmendu du. Besteak beste, nabarmendu du kamioiak "trenean" sartu behar direla. Gainera, azpimarratu du "laborategien arteko elkarlanaren alde" ere egin du.
Roussetek makila Barkosi eman aurretik, hirurek aipatu dute plan estrategikoa eguneratu dutela. Guztira 14 jarduera ildo eta 36 ekintza definitu dira. Barkosek goraipatu du aurretik egindako lanarekin jarraitu eta proiektu berriak bultzatzeko ardura duela orain. "Ilusioz" hartu du lehendakaritza, 2020ra arte. "Orain arte asko lan egin da eta ondo".