Kepa Etxebarria Bermeoko (Bizkaia) Alakrana atunontziko armadoreari deklarazioa hartu dio gaur Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta hark kontatu dio bahiketagatik Alakrana-k 500.000 euroko kalteak izan zituela. Atunontzia 47 egunez bahituta eduki zuten Somaliako piratek Indiako Ozeanoko uretan -azaroaren 17an askatu zuten-, eta bahiketa ikertzeko auziaren barruan deitu du deklaratzera epaileak armadorea.
Milioi erdi euro horiei, 47 eguneko arrantza aktibitate eza gehitu behar zaiela adierazi du Etxebarriak.
Gaur zortzi joan behar zuen Etxebarriak Madrilera, baina elurtearen eraginez hegazkina atera ezinik geratu zen. Arazo horren ondoren, gaurko jarri zion hitzordua Pedraz epaileak.
Alakrana-ko arrantzaleei ere hartu zien deklarazioa azaroan, baina horretarako Gernika-Lumora (Bizkaia) eta Vigora (Galizia) mugitu zen, bahitu zituzten marinelak bizi diren ingurura. Haiei bezala, Kepa Etxebarriari auzian akusazio partikular gisa aurkezteko gonbitea egin dio epaileak.
Sumarioa sekretupean dauka Pedrazek. Ahozko epaiketa egingo dela jakinarazten dutenean, Espainiako Fiskaltzak zigor eskaerak egingo ditu. Abdu Willy eta Raageggesey Adji Haman ustezko bahitzaileek Espainian segitzen dute preso eta, Efe berri agentziaren arabera, baliteke Fiskaltzak bakoitzarentzat berrehuna urteko kartzela zigorra eskatzea.
Arrantza
'Alakrana'-ko armadoreak epaileari esan dio atunontziak 500.000 euroko kalteak izan zituela
Bahiketa argitzeko auzian deitu du Kepa Etxebarria Madrilera Santiago Pedrazek, eta akusazio partikular gisa aurkezteko gonbitea egin dio. Berez, joan den astelehenean deklaratu behar zuen, baina elur ekaitzaren ondorioz ezin izan zuen joan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu