Soineko zuriz, jaka beltzez eta, batez ere, txapel eta zapi gorriz. Herritarrek hala jantzi zuten atzo Irun (Gipuzkoa), San Martzial jaietako egun handia ospatzeko. Herritar guztiak antzera jantzi baziren ere, banatuta egin zuten jaietako ekitaldi nagusia. Beste behin, Irunek bi alarde izan zituen atzo, eta, azken urteetan gertatu den bezala, istilurik gabe desfilatu zuten biek. Nolanahi ere, alarde parekideak ez zuen harrerarik izan udaletxean.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zehaztutako ordutegia betez, alarde tradizionala, emakumeak soilik kantinera gisa onartzen dituena izan zen Urdanibia plazatik abiatzen lehena. Alarde hori osatzen duten hogei konpainiek eta 8.000 pertsonek 07:40ean hasi zuten udaletxerako bidea. Han, herriko alkate Jose Antonio Santano (PSE-EE) zuten zain, herriko bandera emateko prest.
Ez zuten halako zorterik izan alarde parekideko kideek. Andre eskopetariak onartzen dituen alardeko milatik gora gizon-emakumeak 10:10ean hasi ziren tradizionalak eginiko ibilbide bera egiten, baina horiek ez zuten Santano zain. Alkateak entzungor egin zien atzokoan ere hainbat eragilek eginiko eskakizunei, Iñigo Lamarca EAEko arartekoarena tartean, eta ez zuen berdintasunezko jai batzuen alde egin.
Alkateak harrerarik egin ez bazion ere, alarde parekidea ez zen bakarrik egon. San Martzial kaleko bide bazterrak txiki geratu ziren desfilea ikusteko. Alardea hasi gabe zela ere, txaloka ematen zieten ongietorria Urdanibia plazara bertaratzen ziren konpainiei. Plazako tabernetan zintzurra bustiz hasi zuten ibilaldia txistulari askok, egunak luze joko zuela jakitun.
San Martzial kalean, gutxigatik ez zuten topo egin alarde tradizionalekoek eta parekidekoek. Bigarrenen zain zeuden herritarrek ozen egin zieten gorazarre lehenengokoei; ez zen, ordea, alderantziz gertatu. Udaletxe aurreko San Joan plazan, eskopetari, musikari eta abarrak ikuskatu zituen jeneralak, eskopeten suari ekin aurretik. Aurten ere, Ainhoa Ruiz de Arbulori egokitu zaio jenerala izatea. Ez da eginkizun berria harentzat; atzokoarekin, hiru bider izan da jenerala.
Ander Errazkin izan zen alarde parekidearen komandantea. Festa nola joan zen ikusita, «oso pozik» azaldu zen Errazkin, «gero eta gehiago» baitira mistoaren alde egiten dutenak, «eta gero eta gutxiago horiek kritikatu eta iraintzen dituztenak». Zenbat eta istilu gutxiago egon festaz orduan eta gehiago gozatzen dutela nabarmendu zuen Errazkinek, eta egoera guztiz normaltzeko itxaropena adierazi du.
Arratsaldean, emakume eskopetariak dituen alardea abiatu zen lehenbizi; 17:30ean, hain justu. Ordubete geroago hasi zen tradizionala, goizeko ibilbide bera eginez. Goizean bezala, arazorik gabe joan ziren biak.
Mila lagun, hamaika sentipen
Aurten, hamar konpainiak hartu dute parte alarde mistoan, iaz baino bat gehiagok. Izan ere, Lapice konpainia berriz atera da desfilean. Konpainia horretako kide da Karmentxu Lopez Gascon. Aurtengoa sentipen bereziz bizi izan zuen, konpainiarekin batera desfilatzera itzuli delako. Lopez Gascon iaioa da alardean, «hasieratik» hartu baitu parte. Pozik dago parekidean gero eta gehiago direlako, baina ez zuen helburu nagusia bistatik galtzen: «Esperantza ez da gehiago izatea, alarde bakarra izatea baizik».
Mari Carmen Serrano Bidasoa konpainiakoak ere hunkituta bizi izan zuen atzoko eguna. Alarde tradizionalean kantinera gisa ibilitakoa da, baina eskopetaria edo txistularia izan nahi zuenez, sarritan bide bazterretik ikusi behar izan dujaialdia. Orain, parekidean ateratzen da Serrano, arma eskuan duela. Eskopetak tiro egitean bezala, bera ere sutan jartzen da alkatearen izena aipatzen zaionean: «Niretzat, alkatea ez da existitzen». Serranok «lotsagarri» iritzi zion alkateak konpainia parekideekin duen jarrerari, baina nahiago zuen egoeraren bertuteak nabarmendu: «Familia osoarekin ateratzen naiz desfilean, jai giroan. Primeran pasatzen dugu».
Bestalde, alderdi politiko ugarik iragarria zuten emakumeak eskopetari lanetan aintzat hartzen dituen alardea babestuko zutela, eta Irunen izan ziren hainbat ordezkari politiko. Besteak beste, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok, Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarolak, Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abrilek eta ezker abertzaleko kide Miren Legorburuk udaletxeko balkoitik ikusi zuten alarde mistoaren erakustaldia.
Erakunde publikoek emakumeen parte hartzea bermatzeko eginbeharra dutela oroitarazi zuen Silvestrek, eta gaineratu zuen «ekitaldi publiko eta parte hartzaile honetan emakumeek gizonezkoen eskubide berberekin parte har dezaten» nahi duela.
Alardea, esperantzara kondenatua
San Martzial jaietako egun handia zen atzokoa Irunen, eta beste behin, bi alarde egin zituzten eguna ospatzeko. Alarde parekidea baztertzeari eutsi zion alkateak, baina geroan itxaropena dute baztertuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu