Ezinbestekoa zen bidea aldatzea Hondarribiko konpainia mistoari. Hori berretsi du Rodolfo Aresek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak: «Normaltasunik ez dago. Erabat faltsua da hori esatea. Ez dezagun engainatu gure burua». Haren arabera, alardearen inguruko ekitaldietan «segurtasun arazo handiak» daude. Hala, ohartarazi du nahitaezkoa dela Ertzaintzaren lana. «Babestea da gure ardura, baita Jaizkibel konpainiak nahi ez badu ere».
Hondarribiko alardeko ika-mikari buruz saioa izan zuten atzo Eusko Legebiltzarrean. Hizlari, Aresez gain, Emakundeko buru Maria Silvestre eta EAEko ararteko Iñigo Lamarca, eta Jaizkibeleko kide Ixabel Alkain, Izaskun Larruskain eta Garikoitz Lekuona.
Hondarribian gatazka bizi-bizi dagoela. Tesi hori du sailburuak: «15 urtean etengabeak izan dira gatazkak. Ertzaintzak parte hartu behar izan du Jaizkibelen bizkartzain gisa, istiluak saihesteko». Aurten, egoera baretzen ari bazen ere, bidea aldaraztea erabaki zuen Herrizaingo Sailak. «Ez dut onartuko esatea alardeetan normaltasun bidean dagoela», nabarmendu du Ares sailburuak. «Lasaitasun gehiago egon bada, Ertzaintzaren lanarengatik izan da. Baina normaltasuna, hori ez».
Urteetan Jaizkibel babesten aritu den Ertzaintzaren informazioa ez, baizik eta Hondarribiko Udaltzaingoaren txosten bat baliatu zuen ibilbidea aldarazteko. Hori eginda egoki jardun zuen Herrizaingo Sailak, Aresen iritzian: «Herriko udaltzaingoak ezagutzen du egoera hobekien».
Ohiko bidea egiterik ez du izan aurten emakumeen eta gizonen konpainiak. Ordea, aldaketa «gutxienekoak eta unean-unekoak» izan direla berretsi du sailburuak. «Ez genuen ohiko ibilbidea debekatu. Oinarrizko aldaketarik ez da izan». Besteak beste, Gernikako Arbola kaletik pasatzea debekatu zieten; toki esanguratsua da. «Ez da egia ikusgaitasuna ez dela bermatzen. Kale Nagusian dago ikusgaitasun handiena, eta handik igaro dira». Gernikako Arbola «gatazka tokia» dela adierazi du, gorabehera handienak Kale Nagusian bertan izaten badira ere. «Azken batean, segurtasuna are eta gehiago indartzea izan da Herrizaingo Sailaren xede bakarra».
Erabakiaren aurka azaldu direnen aurka egin du Aresek: «Hitz egin aurretik informazioa eskatu beharko lukete arrazoiei buruz». Berriro ere bereziki jo du EAEko arartekoaren aurka; «eskumeneko ez dituen gaietan» sartu izana leporatu dio Iñigo Lamarcari.
«Errealismotik»
Erabakiak sortutako asalduraz gaindi, ukatu egin du polemika eragin izana: «Ez dut onartuko esatea erabakiek eta Ertzaintzaren lanak asaldura sortzen dutela». Auzitegiaren oniritzia aipatu du aginduaren berme gisara. Eta berriz esan du segurtasuna zela xedea: «Arbuiagarria da ezkutuko arrazoiak izan direla esatea».
Egoera aldatzeko itxaropena baduela adierazi du Aresek, baina segurtasuna duela ardura nagusia. «Gauzak errealismotik aldatu behar dira. Eta errealitateak dio gatazka dagoela. Polizia asko eraman behar izaten ditu Ertzaintzak; litekeena da ez baleude arazo handiagoak sortzea».
Berdintasunaren aldeko aldarriarekin bat egiten duela nabarmendu du, andreak eta gizonak elkarrekin ateratzea nahiko lukeela. Elkarrizketaren alde egin du, debekuak okerrekoak liratekeelakoan: «Alarde tradizionala debekatzea da errazena batzuentzat. Ez da bidea». Espainiako Auzitegi Gorenak alarde tradizionala baliozko jo zuela gogorarazi du.
Alardean arazo handiak daudela esanez zuritu du aldaketa Aresek
Hondarribian gatazkak bizirik jarraitzen du, Herrizaingo sailburuaren iritzian: «Ez dago normaltasunik; faltsua da hori esatea»Jaizkibeli ikusgaitasuna kendu izana ukatu du, eta tradizionala legezkoa dela gogorarazi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu