autogobernua

Alberto Lopez Basaguren proposatuko du PSEk adituen lantalderako

Gainerako alderdiek bihar jakinaraziko dute nor proposatuko duten estatutu proposamena idazteko.

Alberto Lopez Basaguren, Eusko Legebitzarreko Autogobernu Lantaldean, 214ko ekainaren 25ean. RAUL BOGAJO / FOKU
jon olano
2018ko irailaren 6a
07:46
Entzun

Eusko Legebiltzarreko talde politikoek bihar arteko epea dute aditu bana proposatzeko, bost adituz osatutako batzordeak testu artikulatuaren forma eman diezaien Autogobernu Lantaldean estatus berriaz onartutako oinarriei. EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk bihar bertan jakinaraziko dute nor proposatuko duten horretarako.

PSE-EEk, ordea, gaur jakinarazi du Alberto Lopez Basaguren Konstituzio Zuzenbideko katedraduna proposatuko duela zeregin horretarako. Azken egunetan zabaldu da Lopez Basagurenen izena izan litekeela sozialistek proposatutako aditua, eta hala izango dela baieztatu du gaur bertan PSEk.

Lopez Basaguren (Basauri, Bizkaia, 1957) Politika Zientzietan lizentziaduna da, eta zuzenbidean doktorea. Euskal Herriko Unibertsitatean ematen ditu eskolak. Espainiako sistema politikoa eta federalismoa dira haren ikerketa lerroetako batzuk.

Erabakitzeko eskubidea estatus berriaren oinarrietan jaso dute EAJk eta EH Bilduk, baina horren kontra argi mintzatu da hainbatetan Lopez Basaguren; besteak beste, joan den igandean Vocento taldeak eginiko elkarrizketa batean. Bertan esan zuen erabakitzeko eskubidea "arazo konplexu bati emandako irtenbide sinplista" dela. 2014an eta 2017an Autogobernu Lantaldean aritu zen hizlari, PSE-EEk proposatuta, taldeek eskatutako agerraldien sortan.

PSE-EEk espero du adituen taldeak egingo duen lanak ahalbidetuko duela "pertsonen eskubideak zabaltzea, eskumenak errealitate sozialera egokitzea eta botere publikoen arteko harremanak berrantolatzea, eraginkortasuna irabazteko". Sozialisten arabera, ondoren legebiltzarrak hartuko du "proposamen bideragarri, erabilgarri, adostasun zabalagoko eta egungo ordenamendu juridikoa errespetatuko duen estatutu bat" lantzeko ardura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.