'CAN auzia'

Alberto Pascualek Sanzi egotzi dio bi batzordeetako bilerak egitearen ardura

Batzorde Iraunkorrean ordu erdiko bilerengatik irabazten zutenaz gain, Erakunde Sortzaileen Batzordean ere parte hartzen zuten Barcinak eta Sanzek, eta hiru bilera ere egiten zituzten zenbait egunetan. Alberto Pascual kutxako idazkari ohiak epaileari adierazi dionez, Sanzek agintzen zion "eduki bereko" bilera bat baino gehiago antolatzea. Infograma: Batzorde Iraunkorrean jasotzen zuten dirua.

joxerra senar
2013ko martxoaren 8a
21:42
Entzun

Nafarroako Kutxan, Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorraz gain, ia izen bereko beste batzorde bat zegoen: Erakunde Sortzaileen Batzordea. Lehenegoan, Miguel Sanz, Yolanda Barcina, Alvaro Miranda eta Enrique Maia esertzen ziren, eta inork jakin gabe, ordu erdiko bilerako 1.876 euro Sanzek eta 1.201 euro gainerakoek kobratzen zuten. Baina auzia ez da hor amaitzen. Beste batzordea, berriz, ofiziala zen, eta estatutuetan jasota zetorren. Bertan, lau politikari horiez gain, UPNko Alberto Catalan, Carlos Garcia Adanero, Jose Iribas, Javier Caballero eta Ana Elizalde eta PSNko Roberto Jimenez eta Samuel Caro esertzen ziren.

Kontuz-ek atzo azaldu zuenez, Maria Paz Benito epaile instruktoreak beste batzorde ofizial horren bileren inguruko aktak ere eskatu ditu, baina oraindik ez dizkiote eman. UPNko eta gobernuko agintariek epaileari eman aurretik, Diario de Navarra-ri eman diote ezagutzera bilera horien inguruko informazioa. Erakunde Sortzaileen Batzorde hori hamar egunez bildu zen 2010eko ekainaren 21etik 2011ko uztailaren 22raino. Bost egunez, egunean hiru bilera egin zituzten. Hartara, hogei bilera egin ziren, eta, horien truke, 46.859 euro gordin (32.801 euro garbi) kobratu zituen Sanzek. Barcinak, berriz, 41.081 euro gordin (28.756) kobratu zituen.

Hauek dira Erakunde Sortzaileen Batzorde ofizial horretan zeudenen datuak eta jasotako dirua.

Miguel Sanz*: hogei bilera, horietako hamahiru batzordeburu bezala eta zazpi batzordekide gisa. Jasotako dirua, 32.801 euro garbi (46.859 euro gordin). Batzorde iraunkorreko beste bilerak gaineratuz gero, guztira 62.817 euro garbi (89.739 euro gordin) jaso ditu.

Yolanda Barcina*: hogei bilera, horietako zazpi batzordeburu gisa eta zazpi batzordekide gisa. Jasotako dirua, 41.081 euro gordin (28.756 euro garbi). Batzorde iraunkorreko beste hamasei bilerak gaineratuta, guztira 68.553 euro gordin eta 47.972 euro jaso ditu.

*: Informazio kontrajarria dago, Sanz batzordeburu 13 bileratan edo 16tan izan zen, eta Barcina berdin, zazpi edo lautan. Horren arabera, kopuruak apur bat aldatu egin daitezke.

Carlos Garcia Adanero: hogei bilera. 34.340 euro gordin (24.020 euro garbi) jaso ditu.

Alvaro Miranda. hogei bilera. 34.340 euro gordin (24.020 euro garbi) jaso ditu. Batzorde iraunkorreko hamasei bilerak gaineratuta, 61.812 euro gordin (43.236 euro garbi).

Alberto Catalan: hogei bilera. 34.340 euro gordin (24.020 euro garbi) jaso ditu.

Jose Iribas: hamazazpi bilera. 29.189 euro gordin (20.432 euro garbi) jaso ditu.

Javier Caballero: hamazazpi bilera. 29.189 euro gordin (20.432 euro garbi) jaso ditu.

Ana Elizalde: hiru bilera. 5.151 euro gordin (3.607 euro garbi) jaso ditu.

Enrique Maia: hiru bilera. 5.151 euro gordin (3.607 euro garbi) jaso ditu. Batzorde iraunkorreko beste laurak gaineratuta, 12.019 euro gordin (8.409 euro garbi).

Roberto Jimenez: hogei bilera. 34.340 euro gordin (24.020 euro garbi) jaso ditu.

Samuel Caro: hogei bilera. 34.340 euro gordin (24.020 euro garbi) jaso ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.