Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean proposatu du Alberto Surio (Donostia, 1963) izatea EITBko zuzendari nagusi, eta ez da ezusterik izan.PSE-EEk, PP eta UPDk babestu dute. EAJ, EA eta EBko legebiltzarkideak abstenitu egin dira, eta Aralarkoek kontra bozkatu dute.
Suriok ez daki euskaraz, eta El Diario Vasco egunkarian egin izan du lan duela azkeneko hogei urteetan, Politika saileko kazetari eta analista gisa. Punto Radio irratian -Vocento taldekoa, El Diario Vasco bezala-, Radio Euskadin, ETBn, TVEn, Cuatron eta Teledonostin kolaborazioak egin ditu tertuliakide gisa.
Iazko urtarrilean Andoni Ortuzarrek kargua utzi zuenetik -EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente izateko-, Bingen Zupiria izan da EITBko jarduneko zuzendaria.
EAJkoa ez den aurrenekoa
EITBk 1982. urtetik hona izan ditu zuzendari nagusiak, eta denak EAJri lotutako lagunak izan dira. Hori ez da beteko zuzendari berriarekin. Surio ez da inoiz alderdi politiko batean afiliatua egon.
1982tik 1998ra, EITBko zuzendari nagusia Eusko Jaurlaritzak izendatu zuen zuzenean. Baina handik aurrera onartu zuten Eusko Legebiltzarraren gehiengoak onartu behar zuela hautagaia. 1999an, EAJk Ortuzar proposatu zuen -hark ere ez zekien euskaraz, eta gerora ikasi zuen-, eta EAren eta EHren botoekin onartu zuten izendapena. Ordutik ez da beste bozketarik egin. Halaber, Patxi Lopez lehendakariaren dekretu batek ofizialdu beharko du EITBko zuzendari nagusiaren izendapena.
Kargua hartzen duenean, EITBk dituen hainbat erronkari heldu beharko die Suriok; besteak beste, itzalaldi analogikoaren hasierari, ETB4 LTDko katearen sorrerari -2009ko amaierarako-, eta Miramongo egoitzaren birmoldaketari. Gainera, EITBko arduradunak hautatu beharko ditu.
Komunikabideak
Alberto Surio izendatu dute EITBko zuzendari nagusi, PSE-EE, PP eta UPDren babesarekin
PSE, PP eta UPDren babesarekin EITBko zuzendari nagusi izendatu dute Surio. Azkeneko hogei urteetan 'El Diario Vasco' egunkarian jardun du Suriok, Politika saileko kazetari eta analista modura. Ez da euskalduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu