«Urte poltiko berria molde berritan hasteko ordua da», Joxean Agirre Eleak mugimenduko bozeramailearen esanetan. Horretarako, hiru eskaera egin dizkie eragile politiko eta sozial guztiei. Alde batetik, esan die arduraz jokatu eta «ez tenkatzeko» euskal gizartea, Donostian Espainiako banderarekin gertatutakoari aipamena eginez. Bigarrenik, «mugitzeko» eskatu dio Espainiari, «haren keinuen falta sumatzen dugulako, eta keinuak alde guztietatik egin behar direlako». Horren harira, espetxe politika «errotik» aldatzea galdegin du. Azkenik, Eleak-en nahia da «sufrimenduaren erradiografia osoa» egitea, «bitartean alderdi politiko guztiak hankamotz geratuko direlako». Urte politikoari hasiera emateko albisterik pozgarriena Sortu legeztatzea izango litzatekeela adierazi du Agirrek; hau da, «legez kanporatzeen garaia lehenbailehen gainditzea».
Aldarrikapen horiek kontuan hartuta manifestazioa egin zuen atzo mugimenduak Donostian. Ezohiko ibilbidea izan zen, La Perlatik abiatu —Kontxako pasealeku ondotik— eta Okendo plazaraino. Berez, Bulebarretik zen hastekoa, baina Herrizaingo Sailak abiapuntua aldarazi egin zien antolatzaileei «segurtasunari eta jaien jarduera normalari eragin» ez ziezaion. Bestela, debekatu egingo zuela jakinarazi zuen.
Hala, manifestazioa egin ahal izateko, Kontxako pasealeku ondotik hastea erabaki zuen Eleak-ek. 17:10ean ekin zioten ibilbideari, txalo artean. Euskal Herria libre eta legala jartzen zuen pankartan, eta hura eusten zihoazen, besteak beste, Agirre bera, Mikel Izagirre Ezker Batuko kide eta Urnietako alkate ohia eta Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko lan segurtasunerako arduraduna.
Manifestazioaren garrantziaz galdetuta, eskubide guztiak lortu arte, ekintza guztiak direla beharrezkoak adierazi zuen Izagirrek. «Azkenengo urteetan atzerakada handia izan dugu eskumenetan. Berreskuratze prozesuan gaude, eta prozesu hori amaitzen ez den bitartean beti dira garrantzitsuak halako manifestazioak». Uzkudunen arabera, «gizarte osoak eskubide berberak» behar ditu. «Momentu hauetan eskubide batzuk jokoan daude, tartean Sortu legeztatzea. Eskubide horiek defendatu egin behar dira, eta gu prest gaude horretarako».
Alderdi politikoetatik ohi baino ordezkari gutxiago bertaratu ziren manifestaziora. Han zeuden, ordea, ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Niko Moreno eta Miren Legorburu. Ez zuten adierazpenik egin nahi izan. «Eleak-ek antolatu du gaurko protesta eta hari utzi nahi diogu protagonismo osoa, hark esaten duenarekin erabat bat gatozelako».
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia ere joan zen, baita Alternatibako Jonathan Martinez eta Begoña Vesga ere. «Oraindik eskubide asko daude bermatu gabe, giza eskubideetatik hasi eta eskubide zibil eta politikoetaraino. Horiek bete ezean, beharrezkoa da mobilizazio maila bat mantentzea. Espero dugu hurrengo urteetan beharrezko ez izatea, baina beharrezko diren bitartean egiten jarraitu behar da» azaldu zuen Martinezek.
Ordezkari politiko gutxi, baina herritar asko, milaka. Hasieran, errepidearen ertzetan bildu zen jendea, baina protesta euren aurretik pasa ahala manifestaziora batuz joan ziren. Ez guztiak, halere. Artzain Onaren katedralaren aurreko plazan zegoen Estanis Amutxastegi Andoaingo alkate ohia eta PSE-EEko kidea. Parean egokitu zitzaion eta begira geratu zen. «Presoak kalera eta presoak etxera ari dira esaten. Zer preso? Norbait hil dutenak? Nire lagunak hil dituztenak? Ez da posible. Bihar emakume bat hiltzen badute, preso hori zer egin behar da, etxera bidali? Niretzat ez da hala», esan zion BERRIA-ri.
Hain zuzen, presoen eta independentziaren aldeko oihuak izan ziren nagusi ibilbide osoan zehar. Hogeita bost minutu behar izan zituzten aurrenekoek Okendo plazaraino iristeko, azkenengoek ordu laurden bat gehiago. Guztiak elkartu ostean, adierazpenak egin zituen Agirre Eleak-eko bozeramaileak. Hasita bezala amaitu zen ekitaldia, txalo artean.
Manifestazioa Donostian
Albiste onena, Sortu legezkoa
Milaka lagun elkartu dira Donostian Eleak mugimenduak 'Euskal Herria libre eta legala' lelopean antolatutako manifestazioan«Keinuak egiteko» eskatu dio Agirre bozeramaileak Espainiako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu