"Gobernua, bere horretan, ez da helburua, tresna baizik", adierazi du Arraizek. "Aldaketa politiko eta soziala" bideratzeko tresna, hain zuzen. EH Bildu aldaketa hori gidatzeko prest dago, "aterik itxi gabe", ez beste alderdiei, ez bestelako edukiei.
Aldaketaren bidez, herritar guztientzat lan eskubide eta eskubide sozial guztiak bermatu nahi ditu koalizioak, erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta. Horren harira, "batzuekin eta besteekin" akordioak lortzeko prest agertu da Arraiz: "Kokaleku horretan EAJ eta Ahal Dugu daudela uste dugu". Nabarmendu duenez, batzuekin errazagoa izango da nazio agendaren inguruan ados jartzea, eta beste batzuekin gai sozialen inguruan.
Normalizazioaz biekin akordioa lortzeko aukeraz galdetuta, Arraizek adierazi du ez lukeela "zailtasun handirik" egon behar horretarako. Nabarmendu duenez, Ahal Dugu-rekin "aire freskoa" sartuko da Eusko Legebiltzarrean, eta hori garrantzitsua izango da erabakitzeko eskubideari dagokionez: "Lehenengo aldiz, gehiengo bat osatu ahal izango da, zabala izateaz gain oso plurala ere izango dena erabakitzeko eskubidearen alde, eta euskal herritar guztien arteko elkarbizitza demokratikoa ekarriko duena".