Gazte gisa «guk ordezkatzen dugun belaunaldia, gaurdanik eta bihar ere, aldaketa politiko eta soziala eraman eta bermatuko duena da». Hitz horiekin laburbildu zuen Amaia Elixeri Segiko kideak, atzo, Segik Baionan burutu manifestaldiaren mezu nagusia. Azken hilabeteetan abiatu prozesua azpimarratuz, «gaur egun baikorki erantzun behar diogu, edozein izanki ere, segitu behar dugu», zehaztu zuen Elixerik. Ehunka elkartu ziren, atzo Frantzian Uztailaren 14ko besta nazionala zela-eta, eta eguna baliatu zuten, batetik, egunak sinbolizatzen duen «urte osoko zapalkuntza, bai Euskal Herrian bai munduan ere» salatzeko, eta, bigarrenik, «herri, populu eta gazte gisa» beren burua berresteko. «Hemen herri bat gara, badugu gizarte eredu bat, badugu proiektu politiko bat, baditugu hainbat proiektu. Eta, horregatik, oraindanik eraiki behar dugu herri hau, alternatiben bidez».
Baionako karriketan gaindi ibili zen manifestaldiaren karietara, banku eta etxe agentzietan mezuak zabaldu zituzten: «Kapitalismoa kanpora», «Euskal Herria ez da salgai» edota «Espekulazioa kanpora». Ibilbidea Gaztelu zaharraren aitzinean bururatu zuten, han Frantziako militarrak baitaude. Militarrei lekuak husteko oihukatu zieten. Hainbat polizia gunearen zaindari zeudela, Frantziako bandera eta Frantziako hainbat sinboloren irudiak erre zituzten, eta baita Frantziako ereserkia txistukatu ere.
Aldaketaren belaunaldia dela aldarrikatu du Segik
Atzo Frantziako 'besta nazionala' zela eta, «herri eta populu gisa berresteko» baliatu zuten eguna gazteek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu