Aldekoa ertzainburuak dimisioa eman du 'Cabacas auziko' epaiaren ondorioz

Ertzaintzako buruaren ustez, nahiz eta inor ez jo Cabacasen heriotzaren erantzule zuzentzat, Ertzaintzaren antolakuntza auzitan jartzen du epaiak

Jorge Aldekoa ertzainburu ohia, orain dela bi urte, torturei buruzko kongresu batean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maider Galardi
2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Cabacas auziaren epaia jakin eta bi astera, dimisioa eman du Jorge Aldekoa ertzainburuak. Iñigo Cabacasen heriotzaren egunean, 2012ko apirilaren 5 hartan, Deustuko ertzain etxeko burua zen, eta 2013an izendatu zuen Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ertzainburu. Atzo eman zuen dimisioa, hain justu, Cabacas auziaren epaiaren ondorioz. «Epaiak ez du inor jotzen egun hartan gertatutakoaren erantzule zuzentzat, baina Ertzaintzaren antolaketari erreferentzia egiten dio, argiki», esan du Aldekoak dimisio gutunean. Ertzainburuak kargua uztea «sorpresaz» hartu dutela esan du Jone Goirizelaia Cabacasen gurasoen abokatuak Euskadi Irratian. Are, gurasoek ere ustekabean jaso dute albistea, Goirizelaiaren esanetan. «Urteotan egindako ekarpena» eskertu dio, bestalde, Beltran de Herediak Aldekoari.

Bost ertzain epaitu dituzte Cabacas auzian, eta horietatik bakarra zigortu dute bi urteko espetxealdira ez du kartzelara joan beharko. Aldekoa, berriz, lekuko gisa joan zen deklaratzera, eta, Cabacasen heriotzaren egunean Bilboko San Mames inguruko operazioko buru nagusia bazen ere, epailearen aurrean esan zuen «unean uneko ertzaina» zela arduradun nagusia: «Arduraduna bertan dagoena da: polizia buruabadago, polizia burua da, eta, bestela, ertzain bakoitza da bere ekintzen erantzule». Gaineratu zuen ez zuela inork abisatu gertatutakoaz, eta ohartarazi zuen Maria Diaz de Haro kalera sartu ziren ertzainek ez zekitela pilotek inor hil zezaketenik: «Ez zekiten pilotek hil zezaketenik. Nik bai».

Goirizelaia abokatuaren ustez, ordea, epaiak agerian utzi du Cabacasen heriotzaren erantzukizuna akusatuen aulkian eseritakoez harago ere bazihoala: «Epaiak esaten duena da gauzak oso txarto egin zirela eta polizia operazioa prestatu zutenek ere bazutela ardura. Hori irakurri du Aldekoak. Horregatik eman du dimisioa».

Hain justu, Aldekoak dimisio gutunean azaldu du epaiak «erreferentzia» egiten diola Ertzaintzaren «praxi txarrari»: «Erreferentzia argia egiten zaie zenbait akatsi, praktika txarrei eta jarduerarik ezari». Azpimarratu du, halaber, Ertzaintza aldaketa egiten ari zela, baina ez zela «nahikoa denborarik» izan aritzeko moldeetan aldaketa egiteko: «Zoritxarrez, gertatutakoak agerian utzi zuen ez genuela betiko errituala ez errepikatzeko adina bide egin». Era berean, gaitzetsi duenez, eredu horren ondorioa izan zen Cabacasen heriotza «injustua eta onartezina».

Aldekoa Bilboko ertzainen arduradun izendatu eta hilabete gutxira hil zuten Cabacas pilotakada batez, eta, dimisio gutunean azaldu duenez, tarte horretan ordena publikoa bermatzeko unitateetako ertzainen jarduera moldatzen «ahalegindu» zen: «Epe motza izan arren, aprobetxatu nahi nuen ertzainen erantzuteko moduak moldatzeko. Bazirudien errealitate berri bat zetorrela, eta behin betikoa izango zela». Hain zuzen ere, Beltran de Herediak azpimarratu du Aldekoaren lana «ezinbestekoa» izan dela Ertzaintzaren bilakaerarako: «Bere lana beharrezkoa izan da polizia eredua aurreratzeko eta testuingurura egokitutako moldeak kudeatzeko».

Iñigo Justizia elkarteak, ordea, esan du dimisioa «berandu» etorri dela eta «nahikoa ez dela». Polizia eredu berri baten beharra ere exijitu dute. EH Bilduk «garaipentzat» jo du dimisioa, baina nabarmendu du argudioak «onartezinak» direla. Erne ertzainen sindikatuko idazkari nagusiak, aldiz, esan du dimisioa «logikoa» dela, Aldekoa baitzen gau hartako operazioko «arduradun nagusia». Bestalde, manifestazioa egingo dute igandean, eguerdian, Bilbon, Berriro gerta ez dadin lelopean, eta bertan egingo dute balorazioa zehatzagoa Iñigo Justizia elkarteko kideek.

Ez du lehen dimisioa

Edonola ere, ez da Aldekoak eman duen aurreneko dimisioa. 2014an, Iñigo Gogoan herri ekinbidekoek 22.000 sinadura aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean, Aldekoa Ertzaintzako buru izendatzearen aurka. Urte hartako azaroan eman zuen dimisioa, baina, kasu horretan, Ertzaintzaren barneko kategorien auziagatik utzi zuen kargua. 2011ko azterketan intendente kategoriako hamar postu zeuden jokoan, eta 10.a lortu zuen Aldekoak. Atzetik gelditutakoak, ordea, helegitea jarri, eta auzitegiak onartu egin zuen. Hala ere, 2015ean izendatu zuten, berriz, ertzainburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.