Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Iñaki Arriola. PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua

«Alderdi abertzaleek ere badakite oso zaila izango dutela akordioa lortzea»

Egungo testuinguruan «denetik» hitz egin daitekeela dio Iñaki Arriolak, baita independentziari buruz ere. Halere, abertzaleei bereziki eskatu die beren proposamenak «argitzeko».

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Nekatuta dagoen arren, gustura aritu da hauteskunde kanpaina honetan Iñaki Arriola (Eibar, 1959). «Kalekumea naiz, eta oso kanpaina kaletarra egin dugu», dio. PSE-EEren Donostiako egoitzan hartu du BERRIA Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuak.

Independentziari buruzko eztabaidak indar handia hartu du hauteskunde kanpaina honetan. Ezustekoa izan da zuentzat?

Ez dut uste hainbesterainokoa izan denik. Kanpaina honetan alderdi abertzaleek ere ez dute lehenetsi erabakitzeko eskubideari buruzko edo independentziari buruzko eztabaida. EH Bilduk ez du bere helburua ezkutatu, baina guztien arteko akordioa lehenetsi du. Badakite akordioa lortzea oso zaila izango dutela; aurrekariak hor daude. Eta hortik jo du EAJk ere. Programan estatus berriari buruzko puntuak jasotzen ditu, baina Urkulluk lasaitasun mezua helarazi nahi izan du, joko arauen errespetuaren mezua. Itxura moderatuago bat agertu nahi izan du, krisialdian zentratua dagoen alderdi batena, uste baitu horrek emaitza hobeak emango dizkiola hauteskundeetan. Bestalde, PP dugu, Madrilek autogobernuaren aurka egiten dituen atentatuak babesten. Beraz, une honetan, alderdi sozialista da autogobernua defendatzen duen bakarra.

Abertzaleek proposatutako eztabaidan sartuko zarete?

Guk ez diogu inoiz uko egin indepedentziari buruzko eztabaidetan parte hartzeari, eta ez diogu egingo, betiere askatasunez, modu argian eta informazioarekin egiten bada. Oso garrantzitsua da herritarrek jakitea erabakiek zer ondorio izan ditzaketen. Ezin dira galdera tranpatiak egin, Katalunian bezala: Europa barruan estatu katalan bat sortzearen alde zaude? Eta nik: Hori posible da? Badirudi ezetz. Europako Batasunak zehaztu behar duela? Zehatz dezala. Jakin behar dugu ere independentziak zer eragin izango duen ekonomian, bizi mailan. Gauza asko daude zehazteko. Abertzaletasunak ez du inoiz argitu nahi izan hori. Hori da guk eskatzen dioguna. Hitz egin dezagun argi. Guk ez dugu oztoporik jarriko.

Aurreikuspenak betetzen badira, badirudi boto emaileek estatus aldaketa babestuko dutela. Lau urte gobernuan egon ostean, ez dizue zer pentsatua ematen horrek?

Garai berri bat ireki dugu Euskadin. Igandeko emaitzetan ikusiko dugu, baina susmoa daukat, halere, jendeak ahaztu egin duela orain lau urte zer gertatzen zen hemen. Gizartea banatuta zegoen, EAJ mendian zegoen, eta ETAk hiltzen jarraitzen zuen. Hori aldatu egin da. Eta gizartea lasaitu egin da. Lau urte hauetan ere agerian geratu da krisialdi egoera zail honen aurrean gobernua ondo aritu dela. Kanpaina honetan, adibidez, ez da kritika bakar bat ere egon. Ongizate estatuaren oinarriak mantendu ditugu, aktibitate ekonomikoa sustatzeko politika eraginkorrak egin ditugu eta azpiegituren gaineko inbertsioak mantendu eta handitu ditugu.

Egibarrek dio gobernutik kanpo geratzen bazarete akordiorako eskaintza bat egingo diozuela EAJri, eta ez duzuela asko eskatuko.

Egibarrek galdetu eta Egibarrek erantzun dio horri. Aspaldi ari da kontu horrekin. Baina beraiek irabazten badute, beraiek egin beharko dituzte eskaintzak. Esaten ari dira gutxiengoan gobernatu nahi dutela, akordio puntualekin. Beraz, ez dut ulertzen. Galde diezaiotela Mintegiri. Berak esana du akordioa egina dugula.

Eta ez da egia?

Ez.

Murrizketei aurre egiteko proposamen bat egin diozue EAJri. Erantzunik ez duzue jaso, baina uler daiteke proposamen horren ostean gehiago etorriko direla.

Patxi Lopezek bi urte eta erdi daramatza zerga sistemari buruzko proposamenak egiten, eta EAJk beti eman du ezezkoa. EAJren estrategia izan da gobernua itotzea, murrizketak ezartzera behartzeko. Baina gobernuak eutsi dio.

Antzekotasun nabarmenak daude zuen eta EAJren planteamenduen artean.

Hala da. Baina guk egin dugu. Eta Urkulluk? Nola egingo du? Nondik, ongizate estatua ukitu gabe? Aukera bakarra da zerga erreforma serio bat egitea. Baina EAJk ez du nahi. Zergatik?

Urkulluk, halere, zerga sistemaren erreformari ez dizkio ateak ixten.

Bazen garaia! Baina zergatik orain? Irabazteko aurreikuspenak dituelako. Berak badaki dirua lortu nahi badu eta ongizate estatua txikitu nahi ez badu, egin egin beharko duela. Baina EAJ ezagututa, erreforma ahul bat izango da, murrizketekin uztartuz. Babestu behar dituzten lagunak dituzte haiek. Guk ez.

Zuen ustez esportagarria da Gipuzkoako eredu fiskala?

Gipuzkoan onartu diren neurriak lehendakariak [Patxi Lopezek] proposatu zituen, aurreko legegintzaldian eta honetan. Eta soilik batzuk onartu dira. Haratago jo behar da. Sakoneko erreforma bat behar da. Zerga sistema bakarra behar dugu. Besteak beste,Eusko Legebiltzarraren esku utzi behar da arautzeko gaitasuna, eta bilketa diputazioen esku. Eta gero sortu behar da foru ogasunen arteko koordinazio egitura bat iruzurraren aurka egiteko.

Ezkerrak ere gehiengoa izango du. Nola eta zertan ikusiko da hori?

Espero dut legebiltzarrak arima sentibera bat izatea gizarte gaiekin. Oraingo legebiltzarrean eskuinak izan du gehiengoa. Eskuinak batu egiten dira.

Eta ezkerrak?

Baliteke.

Aldian aldiko akordioen bidez?

Ez soilik. Gipuzkoan duzu adibidea. Guk ez dugu arazorik.

Madrildik %40 gutxitu dira datorren urtera begira AHTra bideratutako diru partidak. EAJk proposatu du Jaurlaritzak aurreratzea diru hori. Ados zaudete horrekin?

Argi dago %40ko murrizketekin ezingo direla obrak amaitu zehaztutako epean.

Gasteiz eta Burgos arteko zatia geldirik dago. Ipar Euskal Herriko zatia ere atzeratzen ari da. Ez al da isla bat bihurtuko Euskal Y-a?

Ondo dago hiru hiriburuak lotzea, baina proiektu honen baliorik handiena da Espainiarekiko eta Europarekiko lotura. Ez luke askorako balio Y-kora soilik behartzea erritmoak loturak ziurtatuak ez badaude.

Erritmoak eta, beraz, inbertsioak atzeratu beharko lirateke?

Ez. Ez derrigor. Besteen erritmoen arabera egin behar da hori.

Aieteko Adierazpeneko edukiak legebiltzarrera eramangodituzue?

Gauzei duten balioa eman behar zaie. Gu Aieten egon ginen ETAk bere jardun terrorista amai zezan behar zuen eszenifikazio bat zela ulertzen genuelako. Aietek ez du bakea ekarri. Indarkeriaren amaiera beste hamaika arrazoirengatik eman da. Hemendik aurrera zer? Hitz egin daiteke, baina nik uste dut urrats logikoena delaETAk iragartzea bere disoluzioa. Ez dauka zentzurik bizirauteak. Armak entregatu ditzala.

Horri buruz hitz egiteko prest azaldu da ETA.

Armak entregatzeko, telefonoa hartu eta gera daitezela edozein egunetan gobernuarekin.

Hori ez da oso serioa.

ETAri zerbait zor diogu? Bere inguruko jendeari ere kaltea baino ez dio egin. Desegin dadila, eta, ondoren, etorriko da presoen gaia eta bizikidetzarena. Zuzenbide Estatua eskuzabala izango da, eta bide berriak jorratu ahal izango ditugu. Denon artean bilatuko dugu denok sar gaitezkeen bizikidetza marko bat, non guztiok eskubide eta betebehar berdinak izango ditugun. Baina memoriarekin egin behar da hori. Herri honetan gauza asko gertatu dira, eta ezin dira berriz gertatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.