Haustura hidraulikoaren aurkako Araba, Bizkai, Nafarroa eta Espainiako (Burgos, Kantabria eta Errioxako) plataforma eta batzarrak bildu ziren atzo Gasteizen, aurrera begirako ildoak eztabaidatu, elkarlanerako aukerak aztertu eta mobilizazioak adosteko.
Zer dela-eta erabaki zenuten inguruko beste plataformekin eta taldeekin elkartzea?
Arabako Fracking Ez plataforma sortu aurretik, Kantabrian bazegoen haustura hidraulikoaren aurkako batzar bat. Erreferentzia hori bagenuen sortu ginenean. Kantabriako Ekologistak Martxan taldeak jardunaldi informatiboak antolatu zituen, eta hara joan ginen, baita harremanetan jarri ere Burgosko jendearekin. Martxoaren 3an aurre-kontaktu bat egin genuen, Portugalete [Bizkaia] inguruko talde batek sustatuta.
Zergatik orain Gasteizen?
Aurrera begirako mobilizazioen bide orria egin dugu, eta horien artean urriaren 6ko manifestazioa dago. Hori prestatzeko, ikusteko talde bakoitzaren lana nola doan, pentsatu genuen egokia zela jardunaldiak egitea, elkarlana lantzeko eta denon artean mobilizazio bat prestatzeko.
Bildu zareten plataformen artean ez dago Gipuzkoako ordezkaritzarik. Balmaseda formazioak bertan ez dagoenez, ez al du interesik?
Batez ere Araban eta Burgosen dago Balmaseda formazioan gasa ateratzeko interesatzen zaien gunea. Dena den, badaude interesatzen zaizkien beste zenbait formazio. Nafarroan eta Gipuzkoan baimenak eskatu dituzte, baina oraindik ez dituzte eman. Gipuzkoan prozesua atzeratuago dabil. Hitzaldiak eman ditugu han, baina iruditzen zaigu oraindik ez dutela ikusten gainean duten zerbait bezala.
Haustura hidraulikoaren aurkako mobilizazioa oso berria da. Inolako puntu komunik ikusi al duzue taldeen artean?
Fracking-a egiten ez hastea nahi dugu denok. Hori da argiena. Gauzak egiteko orduan, herrialde bakoitza bere bideari jarraitzen ari zaio. Bilkuran, besteak beste, aztertu dugu elkarlana nahi ote dugun, posible ote den, ildo nagusiak markatu behar ote diren...
Araban eta Bizkaian asko landu dira informatzeko ekimenak. Behar hori ba al dago hemendik kanpo?
EAEtik kanpo are nabariagoa da informazio falta. Alde horretatik, abantaila bat dugu. Hemengo sustatzailea Hidrocarburos de Euskadi da, eta, entitate publikoa denez, informatu egin behar du. Gasteizen antolatu zituzten jardunaldietan, egoera legalaren eta teknikoaren berri eman zuten, adibidez. Kanpoan egoera askoz okerragoa da. Hango enpresek ez dute informaziorik ematen. Agian, inguruko alkateekin bildu dira egitasmoen alde hitz egiteko, eta ezer gutxi gehiago.
Gasteizko Mendiak natur parke izendatzeak nolabait oztopatu al dezake haustura hidrauliko egitasmoa?
Heyco enpresa eta Hidrocarburos de Euskadi 2007tik ari dira hitz egiten horretaz, ordutik ikusten zutelako hori dela ingurumen alorrean izan dezaketen arazo nagusia.
Eta nola dago egoera?
Natur parke bihurtzeko prozesuan bi alor daude: natura babesteko legea eta Natura Baliabideak Ordenatzeko Plana. Iruditzen zaigu moldatuko direla haustura hidraulikoari atea irekitzeko, batean egindako aldaketak eta bestearen zirriborroa irakurrita. Horretan ere lan egiten ari gara, baina ez dago oso aurreratua.
Jaurlaritzan gobernu aldaketa batek izango lukeen eragina kontuan hartu al duzue?
Argi dago eragina izan dezakeela. Fracking-arekin hasteko, dagokion gobernuaren bultzada politikoa eta ekonomikoa behar direlako. Orain egin nahi dituzten zundaketa horiek aurrekontu publikoa dute, eta gobernua aldatzen bada, bultzada hori ez bazaio ematen, plan horiek mantsotu egingo dira. Ordea, ez dago argi zer gertatuko den, alderdi batzuk ez baitira argi jokatzen ari gai honi buruz.
Adibidez?
PSE-EEk beti egin du alde. Ezker Anitzak, Equok, Aralarrek eta Bilduk ezezkoa eman dute hasieratik. Alderdi Popularrak baiezko jarrera izan du sektore batzuetan, baina Gasteizko Udalean bestelako jarrera izan du. EAJ izango da giltza. Gasteizko Udalean, egitasmoak gelditzeko eskatu du, baina Eusko Legebiltzarrean ez du esplorazioa behin-behinean gelditu nahi izan, bai ordea ustiapena.
Hortaz, nola eragin dezakete hauteskundeek?
Alderdi bakoitzak zer jarrera duen argi esatea nahi dugu. Horrek hauteskundeetan eragina izango duen? Batek daki, baina gutxienez aldez aurretik jakinarazi beharko lukete.
Mikel Otero. Arabako Fracking Ez plataformako kidea
«Alderdi bakoitzak zer jarrera duen argi esatea nahi dugu»
Haustura hidraulikoaren aurka manifestazio bat egingo du Arabako Fracking Ez plataformak urriaren 6an Gasteizen; han izango dira inguruko eskualdeetako plataforma eta batzarretako ordezkariak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu