MEMORIAREN EGUNA

Alderdi guztiek bat egin dute Memoriaren Egunarekin, PPk izan ezik

"Bide baketsu eta demokratikoetan" sakontzea eta iraganari buruzko "gogoeta kritikoa" egitea beharrezko jo dute. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak irakurri du taldeek babestu duten adierazpena.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Iñigo Urkullu Jaurlaitzako jarduneko lehendakaria, lore eskaintzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko azaroaren 10a
07:53
Entzun

Alderdi politiko guztiek bat egin dute Memoriaren Egunarekin, Eusko Legebiltzarreko ekitaldian, PPk izan ezik. 10:30ean hasi da biktimen oroimenerako elkarretaratzea, Eusko Legebiltzarraren atarian, Gauerdiko Iparroratza eskulturaren parean. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko legebiltzarkideez gain, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako kideek ere parte hartu dute. Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak irakurri du taldeek babestu duten adierazpena.

"Sekula errepikatu beharko ez den iraganari buruzko gogoeta kritikoa" aldarrikatu dute ekitaldian. Biktimei elkartasuna, hurbiltasuna, egia, aitortza eta erreparazioa zor zaiela ere adierazi dute, eta beharrezko jo dute "bide baketsu eta demokratikoetan" sakontzea, elkarbizitza eraikitzeko.

Ordezkari politikoek lore bana utzi dute biktimen oroimenean, eta ekitaldia elkarretaratze isilarekin amaitu da.

Ekitaldiaren aurretik, Etxerat-ek elkarretaratzea egin du legebiltzarraren kanpoaldean, euskal presoen sakabanaketaren ondorioz hildako hamasei lagunen biktima izaera aldarrikatzeko.

Ekitaldi ofizialaren ostean, PPk beste omenaldi bat egin du, ETAren biktimak bakarrik omentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.