Alderdi guztiek onartu dute hilean 25 euro izatea muga autobideetan

Gipuzkoako bidesarietan gehienez 25,64 euro ordaintzeko aukera batzar nagusien esku geratuko da

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
2013tik aurrera Gipuzkoako autobideetan dabilen gidari orok, ViaT sistema badu, hilean gehienez 25, 64 euro ordaindu beharko ditu bidesarietan. Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituren Batzordean atzo onartu zuten neurria, eta orain Batzar Nagusiek berretsi beharko dute, martxan jarri aurretik.

Adibidez, hilabeteko egun guztietan Donostiatik Eibarrerako bidea egiten dutenek 25,64 euro ordaindu beharko dituzte, 73,35 euro ordaindu ordez.

Diputazioak jakinarazi duenez, hilero muga hori gainditzen duten 15.000 erabiltzaileri eragingo die neurriak, baita noizean behin gainditzen duten beste 28.000 gidariri ere.

Aukera hori baliatzeko, erabiltzailea Gipuzkoako edozein herritan erroldatuta egotea beharrezkoa izango da, baita zergari dagokionez betebehar guztiak eginda dituela ziurtatzen duen agiria aurkeztea ere.

Alderdi guztiek neurria onartu duten arren, EAJko, PSE-EEko eta PPko ordezkariek «neurri partziala» dela azaldu dute ; horrez gain, adierazi dute Bilduk «errepideko ordainketarako aurreikusten duen sistema integrala» ezkutatzen duela.

Rebeka Ubera Aralarreko batzarkide taldeko bozeramaileak, berriz, adierazi du «herritarrek eskatutako aldaketa» den neurrian oso positiboa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.